"Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest"

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 10:16

NOAUA! K.E. kide duen Taupa mugimenduak adierazpena kaleratu du, Espainiako Auzitegi Gorenak udaletan euskara lehenestearen aurka plazaraturiko epaiaren aurrean.

74 euskara elkarte, 78 hedabide, Euskaraldiko 400 herri batzorde baino gehiago edota 18 aisialdi elkarte bateratzen ditu Taupa mugimenduak. Euskaltzaleen sare horretan da, besteren artean, NOAUA! Kultur Elkartea ere.

Egunotan, Espainiako Auzitegi Gorenak udalen jardunean euskara lehenestea debekatzen duen epaia kaleratu du. Horren harira, adierazpena argitaratu du Taupa mugimenduak. "Erabaki hau ez da auzi tekniko bat: hizkuntza politika epaitegietatik egiten ari dira, euskararen biziberritze prozesua oztopatzeko estrategia baten baitan. Onartezina", Tauparen esanetan.

Euskaltzaleen saretik gogorarazi moduan, "euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegioa, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik".

Taupa auzitegi horren epaiarekiko desados agertzeaz gain, "gure agintariei eskatzen diegu, ahal bait arinen neurri politiko eta legalak har ditzaten". Herritarrei mobilizazioetan parte hartzera deitu diete. Herrietan antolatu eta euskaraz bizitzeko deia egin dute. "Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest".

Segidan duzue, Taupa mugimenduaren adierazpena osorik:

Tauparen adierazpena
Opor bezperan gauden honetan, ez da udako beroa arnas estuka jarri gaituena, epaitegietatik datozen albiste kezkagarriek eragin digute.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEn euskararen aldeko udal politikak indargabetzea erabaki du, Vox-ek aurkeztutako helegitea onartuz. Hizkuntza baten aldeko neurriak hartzea koofizialtasuna urratzea liratekeela ebatzi du, besteak beste. Epaiak udal mailako ekimenak mugatu nahi ditu, tokiko erakundeen esku-hartze legitimoa auzitan jarriz.

Erabaki hau ez da auzi tekniko bat: hizkuntza politika epaitegietatik egiten ari dira, euskararen biziberritze prozesua oztopatzeko estrategia baten baitan. Onartezina.

Hizkuntza berdintasunaren alde egiteko, justiziazkoa da egoera zaurgarrian dagoen hizkuntzarekiko ekitatez jokatzea. Euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegioa, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik. Epai hauetan ebatzitakoa Europako hizkuntza gutxituen gutunean jasotako gomendioen aurka doa. Aniztasuna zaindu nahi duela dioen estatu bateko justizia sistemak ezin du ahaztu, aniztasuna preseski, hizkuntza gutxiagotuak babestetik bermatu daitekeela bakarrik.

Taupan ez gaude ados erabaki honekin, eta gure agintariei eskatzen diegu, ahal bait arinen neurri politiko eta legalak har ditzaten. Epe motzean, herriz herri antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu bazkideok eta euskaltzale guztiak. Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest.

Euskararen aurkako erasoen aurrean, erresistentziarik eraginkorrena euskaraz bizitzea dela sinetsita, antolatu gaitezen herrietan eta gaur, inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan bizi gaitezen euskaraz!