Aner Nieto
Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, 2003an Lasarte-Orian jaiotako gaztea "Andoaingo Leizaran klubean hasi zen eskubaloian jokatzen, infantil mailan. Oinarrizko mailetan zegoen bitartean, Euskal Ligan jokatu izan du, eta jubenil mailan Gipuzkoako txapeldun izatea ere lortu zuen. 2. nazionalera igoera eta maila mantentzea ere bere merituen artean dago".
Eskubaloi taldeen bilgunearen bidez Nietok adierazi duenez, "nire kirol ibilbidean beste aurrerapauso bat emateko asmoarekin nator Usurbilera". Jokatzen hasteko irrika agertu du. "Jokalari gisa hazten jarraitzeko eta taldeari ahal dudan guztian laguntzeko helburuarekin" dator Usurbil K.E.-ra. Klubetik garrantzitsutzat jo dute fitxaketa hau. Izan ere, "erasoko talentua eta ikusmena ekartzen ditu, eta jokaldiak gidatzeko gaitasun handia du".
Horrez gain, "erasoan pausoa emateko aukera emango digu Anerrek. Kanpoko jaurtiketa sendoa du eta taldearen jokoa antolatzeko gaitasunarekin dator. Taldeari beste dimentsio bat ematen dio: jaurtiketa, ikusmena eta konfiantza. Oso pozik gaude gurekin izango delako".
Iker Oruezabala "Orue"
Andoaingo Leizaran taldean hasi zen eskubaloian jokatzen "Orue" (Andoain, 2005). "Lateral ezker postuan aritzen" den jokalaria Usurbil K.E.-k fitxatu du, lehen nazional mailako taldea indarberritzera dator. "Defentsan, erdian, oso sendoa da, eta bere jaurtiketa gaitasunak aukera emango digu kanpotik ere min egiteko", Usurbil K.E.-etik nabarmendu dutenez. Bertatik azaldu bezala, "gure erasoko jokoa barne-lerroan oinarritu izan da gehienbat, baina fitxaketa honekin kanpoko jaurtiketei atea zabaltzen diegu".
Aipatu moduan, Andoaingo Leizaran taldean hasi zuen eskubaloi jokalari gisa bere ibilbidea, infantil mailan hain zuzen. "Segituan, Euskal Selekzioaren deia izan zuen CESAn parte hartzeko. Kadete mailan, Bidasoak fitxatu zuen eta Espainiako txapelketan laugarren geratzea lortu zuten. Bidasoan zelarik, Espainiako selekzioaren "Errendimentu altuko zentro" (CAR) batera deitu zuten, Sierra Nevadan, goiz eta arratsalde entrenatuz. Jubenil mailan, Bidasoarekin Estatu mailako "Minikopa" jokatu zuen, finaleraino iritsiz. Azken bi urteetan Leizaranera itzuli, 2. nazionalera igotzea lortu, lehen urtean, eta maila mantentzea bigarrenean".
Usurbil K.E.-ren bidez, Oruek adierazi duenez, "Usurbilek proiektu polit bat eskaini dit eta ilusio handiz onartu dut. Dena emateko prest etorri naiz".
Iker Gavilan Liriano
"Hasieratik helburu argia izan dut: Estatuko Lehen Maila Nazionalean jokatzea eta, ahal bada, profesional bihurtzea. Orain, nire ibilbideko etapa berri bati ekingo diot Usurbilen, ilusioz, lanerako gogoz eta nire maila erakusteko prest", berri eman du Usurbil K.E.-ren bidez Iker Gavilan Lirianok.
Eskubaloi taldeen bilguneak 2025-26 denboraldian lehen nazional mailan lehiatuko den senior mutilen talderako eginiko hirugarren fitxaketa da 2007an jaiotako eibartarra. "18 urte dituen arren, dagoeneko ibilbide nabarmena osatzen ari da eskubaloian. 1,87 metroko altuera du eta bi eskuak trebetasun berberarekin erabiltzeko gaitasuna dauka, oso garrantzitsua dena pibote postuan jokatzen duen jokalari batentzat", Usurbil K.E.-tik azaldu dutenez.
Duela ez asko, 2022-23 denboraldian eman zuen lehen urratsa eskubaloian sorterri duen Eibarren "Gipuzkoako Ligan. Jubenil mailan jada, Euskal Ligarako jauzia eman zuen, Euskal Herriko talde onenen aurka bi denboraldiz, klub berean". Ondorioz, "ez du erraza izan berandu hasi den jokalari honek tokia egitea; horregatik, ahalegin berezia egin du fisikoki eta teknikoki hobetzeko, beti buru-belarri lanean".
Usurbil K.E.-tik nabarmendu dutenez, "pozik gaude Iker bezalako jokalari bat gurean izateagatik, eta ziur gaude bere ekarpena nabarmena izango dela. Lehen Nazionalean lehiatzeko jokalari lehiakorren bila ibili gara eta Ikerren profila bat dator gure beharrekin".
Gavilanek entrenatzaile berria izango duen Aitor Santosen esanetan, "Ikerrek jokalari bezala hazten jarraitzeko leku ezinhobea du Usurbil; txundigarriak dira Usurbilen dauden baliabideak, metodoak, garapen pertsonaleko aukerak... eskubaloian trebatzeko eta ziur naiz ondo aprobetxatuko dituela Ikerrek. Eta noski, hori guri ere ederki etorriko zaigu, bere golek eta baloirik gabeko jokoak gehigarri bat emango digute".