Diru kontuak, Egurtzegi edota EAJ-ren mozioa hizpide gaurko udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 24a, 09:33

Ostegun honetan, uztailaren 24an bilduko da udalbatza osoko bilkuran. Hainbat gai hartuko dituzte ahotan.

Udalbatza hilero azken ostegunetan biltzen da, abenduan edota uztailean izan ezik. Hilabeteotan aurreratu egiten dute saioa. Oraingo honetan ere hala izango da. Ostegun honetan, hilaren 24an egingo da udal ordezkariak elkartuko dituen osoko bilkura, uda parteko etenaldi aurreko azkena.

Segidan duzue, hitzorduan zehar ahotan hartuko duten Udaletik bertatik helarazitako gai-zerrendaren berri. Diru kontuak hizpide izango dituzte; besteak beste, iazko Kontu Orokorraren onarpena edota aurtengo bigarren hiruhileko Ordainketen Batezbesteko Epea eta Aurrekontuaren Exekuzioa.

Aurreko asteotan hizpide izan ditugun Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzetara sartu ahal izateko baremazio eta esleipen prozedura araudia ere hasieraz bozkatuko dute udal ordezkariek. Gai sozialei lotuta, etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa ere hasieraz onetsi asmo dute.

Gutxienez, beste bi gai ere ahotan hartuko dituzte udal ordezkariek. Batetik, Lasarte-Oriako Udalaren kirol-instalazioak haunditu eta hobetzeari lotutako hitzarmenaz edota EAJk aurkezturiko "Gobernu onaren, gardentasunaren eta informaziorako eskubidearen alde Usurbilgo Udalean" izeneko mozioaz ariko dira.


Udalbatzaren osoko ohiko bilkura
Eguna:
uztailak 24, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- 2025eko ekainaren 26ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko ekainaren 24tik uztailaren 18ra (2025/833-2025/997).
3.- 2025/976 dekretuaren berri ematea (Alkatetzaren eskumenak eskuordetzea).
4.- Berri ematea: 2025eko 2. Hiruhileko Ordainketen Batezbesteko Epea.
5.- Berri ematea: 2025eko 2. Hiruhileko Aurrekontuaren Exekuzioa.
6.- 2024ko Kontu Orokorra onartzea (2025EKKO0001).
7.- %0,5eko soldata igoera onartzea (2025FOIG0001).
8.- Egurtzegiko eraikinean bizi osorako etxebizitzen baremazio eta esleipen prozedura erregelamendua hasieraz onespena (2025UDOR0004).
9.- Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketari hasierako onespena ematea (2025UDOR0005).
10.- Lasarte-Oriako Udalaren kirol-instalazioak haunditu eta hobetzeko helburuarekin, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-108 (Atsobakar) eremuan, Usurbilgo Udalaren jabetzakoa den HEU 108.3 Exekuzio Unitateko PD lurzatia zuzenean besterentzeko jarduketak eta baldintzak arautzeko Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartzea (2025HITZ0007).
11.- EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioa: Gobernu onaren, gardentasunaren eta informaziorako eskubidearen alde Usurbilgo Udalean (2025IMOZ0006).
12.- Galdera eta eskaerak.