Abuztuko bigarren hamabostaldian izango dute segida, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko bisita gidatuek. Abuztuaren 23an, Salbatore Elizako ondarea ezagutzeko aukera izango duzue. "Elizaren historia eta bere kultur ondarea ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, Cavaillé-Coll/Mutin organoa (1907/1920) eta erloju entzutetsuak", antolatzaileen esanetan.
Biharamunean, Usurbilgo kaleetan dugun kultur sorkuntzan barrena bidaiatzeko aukera izango da. "Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Jose Luis Zumetaren murala ikusgarria eta txoriak, Remigio Mendibururen Udarregiri omenaldia eskultura, Irantzu Lekue, Judas Arrieta eta Axpiren muralak, … gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan", 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik iragarri dutenez.
Urria amaierara arteko bisita gidatuen programazioa kaleratua du Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen duen egitasmoak. Gogoan izan, bisita gidatu horietan parte hartzeko izena aurrez eman beharko da. Hemen xehetasunak:
650 Usurbil Bizi: bisita gidatuak
Abuztuak 23, larunbata
11:00-12:15 Salbatore Elizaren ondarea (erdaraz).
Abuztuak 24, igandea
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua.
Irailak 13, larunbata
10:00-13:30 "Usurbilgo Sagardo Kultura: sagar jotzea" bisita gidatua.
Irailak 20, larunbata
11:00-12:30 Gerraren memoria ibilbidea: kolpisten okupazioaren urtemuga.
Irailak 21, igandea
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Estudiora bisita gidatua.
Irailak 24, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Urriak 10, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Urriak 11, larunbata
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua.
Urriak 19, igandea
10:00-13:30 Usurbilgo Sagardoaren Kultura: bertso-ibilaldia Ugarte baserritik.
Urriak 25, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea eta organo erakustaldia.
Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus