Albiste honi atxikitako argazkietan duzue Urbil merkatalgune ondoko Atsobakar eremuan Lasarte-Oriako Udalak eraikitako kirol instalakuntza berria, Usurbilgo mugan. Bertako lurzati bat Usurbilgoa da.
Lursail hori hizpide izan zuten uztailaren 24an udalbatzak eginiko osoko bilkuran. Izan ere, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-108 (Atsobakar) eremuan, Usurbilgo Udalaren jabetzakoa den HEU 108.3 Exekuzio Unitateko PD lurzatia zuzenean" besterentzea, alegia, Lasarte-Oriako udalerriari lagatzea erabaki zuten aho batez.
Hori gauzatzeko "jarduketak eta baldintzak arautzeko Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udalen arteko lankidetza-hitzarmena" sinatzeari ere aho bateko onespena eman zioten udal taldeek.
Erabilerarik ez
Lursail hori 411.347,80 eurotan salduko dio Usurbilgo udalerriak Lasarte-Oriakoari. Lurzati hau, aipatu moduan, Atsobakarreko kirol instalazioak handitzeko baliatuko du mugakide dugun udalerriak, harmailak eraikitzeko hain zuzen, Urbil merkatalguneko aparkaleku ondoko bidegorriaren alboko belardian.
Lursailaren lagatze hau gauzatzearen alde agertu da Usurbilgo Udala, herritarren parte hartze prozesutik definitutako 2022-26 urte arterako Usurbilgo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoaren baitan definitutako helburu estrategiko eta lan programek ez dutelako "inolako erabilerarik aurreikusten Usurbilgo Udalaren jabetzakoa den Atsobakarreko UEU 108-3 partzelarako". Aldiz, "etorkizuneko beharrak egungo instalazioak eta haien ingurunea hobetzeko eta inbertitzeko programetan; auzoetako ekipamenduak indartzean; eta ingurune naturalari lotutako aire zabaleko jardueretan oinarritzen dira".
Horrez gain, inongo erabilerarik ez duen berdegunea Udaletik nabarmendu moduan, "Lasarte-Oriako udal-mugan dago, Usurbilgo udalerriko bizitegi-inguruneetatik urrun dagoen hirugarren sektoreko merkataritza-ingurunean, bai hirigunetik, bai gainerako bizitegi-auzoetatik. Izan ere, Usurbilgo udalerriko lurzoruak izan arren, lurzatiak lotura handiagoa du Lasarteko hirigunearekin Usurbilgoarekin baino. Aipatu behar da, halaber, Usurbilgo udalerriak erreserbako ekipamenduko beste partzela batzuk dituela, etorkizuneko kirol ekipamendu berrien beharrei erantzuteko".
Izaera aldaketa
Testuinguru horretan, "Lasarteko Udalak adierazi du Usurbilgo Udalaren lurzatia erosteko interesa duela, bere kirol-ekipamendua handitzeko, eta, aldi berean, Usurbilgo Udalak ez du lehentasunezkotzat jotzen lurzati hori kirol-erabilera baten garapenerako".
Hortik dator aipatu lurzatia lagatzeko erabakia eta horretarako, bai Usurbilgo zein Lasarte-Oriako udalek sinatuko duten hitzarmena onartzeko erabakia ere.
Jabetza aldaketa bideratzeko erabaki gehiago hartuko dituzte, udal gobernu taldeak iragan asteko osoko bilkuran aurreikusi zuenez, udazken partean. Izan ere, "lur horren izaera" aldatu beharra dute, horixe baita, "hitzarmeneko udal konpromisoetako bat, lurron salerosketarako".
PSE: "Berri ona da udalerriarentzat"
Erabakia ontzat jo dutenen artean da Usurbilgo PSE. Ohar bidez poza agertu du aipatu bi udalerrien arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeagatik. "Hitzarmen horri esker, Atsobakarren (Urbil merkataritza-gunearen aurrean) dagoen udal lurzatia lagako da, gaur egun eraikitzen ari diren eskualdeko kirol-instalazioak handitu eta hobetzeko".
Lerrootan mintzagai dugun lursailaren etorkizunaz, PSE-ren esanetan, "Usurbilgo Udaleko bozeramaile sozialista, Petri Romero, 2024an jada interesatu zen kirol erabileretarako kalifikatutako lursail honen etorkizunaz, Eh Bildu-ko gobernu taldeari erabilera aurreikuspenik ba ote zegoen galdetuz. Une horretan, Buruntzaldeko Kirol Mankomunitatearen proiektu estrategikoan (Lasarte-Oria, Usurbil, Andoain eta Urnieta) partzela hori integratzeko ekimenik eza deitoratu zuen".
Akordio hau berri ontzat jotzen du PSE-k, "berri ona da udalerriarentzat eta eskualdearentzat", gutxiegi erabiltzen den eremua balioesten baitu eta erakundeen arteko lankidetza indartzen baitu kirolaren eta herritarren zerbitzura".