Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ordenantza hasieraz aldatzea aho batez onartu zuen udalbatzak uztailaren 24ko osoko bilkuran. Erabaki honi lotutako iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 30 lanegunez jendaurrean izango da erreklamazio edo iradokizunetarako. Tarte horretan halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko du Udalak.
Aipatu moduan, udalbatzak hartutako erabaki hau, herria zaintza ekosistema eraldatzeko jorratzen ari den bidearen baitan kokatu beharra dago. Zerbitzu horren orain arteko arautegia 2008koa zen eta horixe berritzeaz gain, gerora, lizitazio berri bat egin asmo du Udalak, gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran aditzera eman zutenez. "Zerbitzu hau ulertu eta emateko moduan aldaketak" izango direla aurreikusi dute. Horregatik, lizitazioa bera urtebeteko trantsizio gisara planteatu asmo dute. Izan ere, "gisa honetako antolaketarik" ez da etxez etxeko zerbitzuan. Horregatik, urtebeteko tartea hartu asmo dute lizitazio horrekin esperimentazio gisara.
2030erako erronka
Etxez etxeko zerbitzuaren egungo araudia onartu zenetik, 2008tik, Udalaren esanetan, "gizarte errealitateak bilakaera izan du, adinekoen hazkundea, bizi itxaropena handitu, adin piramidea, familiak, harremanak aldatu dira, pandemiaren bueltan zaintza krisia azaleratu zen, zaintzaren ereduaren inguruko hausnarketak egiteko beharra ikusi da eta aldaketak egiteko beharra kasu batzuetan gauzatu da".
Aldaketa horien harira, zaintza krisiari aurre egiteko misio bat zehaztua du Udalak 2030erako; "norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzunkidetasuna, eragileen arteko lankidetza, eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena izatea".
Alor horretan, zaintza ekosistema eraldatzeko bidea jorratzen ari da herri hau. "Usurbilen herri zaintzailea izan nahi dugu; hau da, zaintzaren erronkari dimentsio guztietatik heldu nahi diogu. Horrek herri ikuspegia izatea eskatzen digu".
Bizi planak
Zaintza-eredu berria eraikitzeko ardatz izaten ari dira, "pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien arreta" eredua; "zaintza behar duen pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte-hartzailean osatutako bizi planak". Horretarako, "Bizi Planak osatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona baten zaintzan zeresana duten pertsona eta eragile guztiak saretzea, hots, tokiko ekosistema baten bueltan lanean aritzea, erdigunean zaintza behar duten pertsonak kokatuz. Horrek herrian lanean ari diren zaintza zerbitzu eta eragile ezberdinen koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatzea eskatzen du, antolaketa eta egitura berri bat sortuz. Horretan aritu gara, eta ondorioz, ikuspegi ekosistemikoa aintzat hartuta aritzen diren hainbat lantalde sortu dira".
Udalaren arabera, "beharrezkoa da zaintza zerbitzuek ekosistemaren arabera lan egitea: udalak dituen zaintza zerbitzuen kontratu guztiak ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokituz. Eta noski zerbitzu horiek arautzen dituzten eta oinarri diren Udal arautegiak ere eredura egokitzea. Gure egungo eredua etxeetara begira dagoen eredua izanik, (pertsonen nahia hori delako) etxeko arretan ari diren zerbitzuetan ezinbestean eragin behar da".
Ikuspegi ekosistemiko hori aintzat hartzen duten hainbat lantalde sortuak daude eta etxez etxeko zerbitzua horien parte da jada. "Zerbitzutako lantaldean ordezkatua dago baita zaintzaile profesionalen lantaldean ere".
Arautegi egokituak zerbitzuaren beraren definizioa, prestazioak, zerbitzuan sartzeko prozedura edota zerbitzua jasotzeko balorazioaren nondik norakoak zehazten ditu.