beterri-buruntza

Usurbilgo PSE-EE: "Akordio honi esker, eskualdeko kirol-instalazioak handitu eta hobetuko dira"

Erredakzioa 2025ko uzt. 28a, 14:18

Akordio honi esker, Lasarte-Oriak Atsobakar kirol gunea handituko du

Usurbilgo PSE-EEren ustez, akordio hau "berri ona da udalerriarentzat eta eskualdearentzat, gutxiegi erabiltzen den eremua balioetsi eta erakundeen arteko lankidetza indartzen duelako".

Usurbilgo udal talde sozialista pozik agertu da "Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udalen arteko lankidetza-hitzarmena laster sinatuko delako". Prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, "hitzarmen horri esker, Atsobakarren (Urbil merkataritza-gunearen aurrean) dagoen udal lurzatia lagako da, gaur egun eraikitzen ari diren eskualdeko kirol-instalazioak handitu eta hobetzeko".

Kezka ez da berria. Petri Romero Usurbilgo Udaleko bozeramaile sozialistak aurretik galdetu izan du lursail honen inguruan. "2024an jada interesatu ginen kirol erabileretarako kalifikatutako lursail honen etorkizunaz, EH Bildu-ko gobernu taldeari erabilera aurreikuspenik ba ote zegoen galdetuz". Une horretan, Buruntzaldeko Kirol Mankomunitatearen proiektu estrategikoan (Lasarte-Oria, Usurbil, Andoain eta Urnieta) partzela hori integratzeko ekimenik eza ere deitoratu zuen. "Orain, Usurbilgo Udalak aurrerapauso bat eman du lankidetza hitzarmenaren onarpenarekin, bere jabetzako HEU 108.3 Plan Partzialeko lurzatiaren lagapen zuzena arautzen duena, Lasarte-Oriako kirol instalazioetan sartu ahal izateko. Akordioaren zati gisa, Udalak konpromisoa hartu du gaur egun jabari publikokoa den lursailaren kalifikazio juridikoa aldatzeko, kirol-parke gisa erabil dadin, eta ezarritako baldintzetan ondare-ondasun gisa besterendu ahal izateko beharrezkoak diren izapideak bultzatzeko".

Iturri sozialisten arabera, orubearen salmenta-prezioa laurehun eta hamaika mila hirurehun eta berrogeita zazpi euro eta laurogei zentimokoa da (411.347,80 €). Usurbilgo PSE-EEren ustez, akordio hau "berri ona da udalerriarentzat eta eskualdearentzat, gutxiegi erabiltzen den eremua balioetsi eta erakundeen arteko lankidetza indartzen duelako".