Udalbatzaren osoko bilkura

Diru kontuak hizpide oporraldi aurreko azken osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 29a, 08:54

2024ko Kontu Orokorra edota udal langileen soldata igoera ahotan hartu zuten uztailaren 24ko udalbatzaren osoko bilkuran.

Diru kontuak ere hizpide izan zituzten uztailaren 24ko udalbatzaren osoko bilkuran. Batetik, hiruhilero egin ohi duten moduan, 2025. urteko bigarren hiruhileroko ordainketen bataz besteko epearen (3,87 egun) eta tarte bereko aurrekontuaren exekuzioaren berri eman zuten saio horretan.

2024ko Kontu Orokorra
Bestalde, iazko, 2024ko Kontu Orokorra ere bozkatu zuten saio berean. Bozketa horren aurretik, iazko "aurrekontu-eragiketak guztiak, aurrekontuz kanpokoak, ondarezkoak eta diruzaintzakoak jasotzen ditu eta kopuru eta kontzeptu garrantzitsuenak" aztertu zituen Kontuen Batzorde Bereziak iragan maiatzaren 8an. Gero jendaurrean egondako 15 egunetan ez zen erreklamaziorik izan.

Uztailaren 24ko osoko bilkuran gehiengo osoz onartu zuten EHBilduren eta PSE-ren aldeko botoekin. EAJ-ren hiru udal ordezkariak abstenitu ziren.

Jeltzaleek kanpo auditorioa bat egitea galdegin zuten. Legalki ez dela beharrezkoa baina "aspaldi egin gabe" dagoela gogorarazi zuten. Kanpo auditorioa eskaera hori tarteko abstenitu ziren iazko Kontu Orokorra onartzeko bozketan.

Udal gobernu taldetik erantzun zitzaien kanpo auditoria hori "legealdia amaitu aurretik egitea" dela asmoa.

Soldaten igoera
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak sektore publikoko langileen ordainsariak  %0,5 igotzea onartua zuen. "Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) uztailaren 2an eginiko gomendioak jarraituz" Usurbilgo Udaleko langileen lansariak %0,5 igotzea onartu zuen udalbatzak aho batez uztailaren 24ko osoko bilkuran. "Ordainsari-igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak", Udalaren arabera.

Aurretik adosturiko igoeren baitan kokatu behar da honako hau ere. 2022-24 urte arterako %3,5eko igoera aplikatzea adostua zegoen. Azkeneko igoera zati hori, %0,5a zen indarrean jartzea falta zena, 2024ari zegokiona eta honenbestez, 2023ko abenduaren 31tik aurrera ordainsariei aplikatuko zaiena.