Testuaren alde eman zuten botoa EAJ-ren udal ordezkariek baita PSE-koak ere. Aurka, aldiz, EHBildukoek. Gehiengo osoz, ez zen onartu aipatu mozioa. Segidan duzue osorik, EAJ-ren mozioak zioena.
Testu horretan, besteak beste, "azkenaldian, udal-gobernuaren dinamika politikoan praktika kezkagarriak antzeman" dituela adierazten du EAJ-k; "iluntasuna alde bakarretik hartutako erabakietan, oposizio-taldeekiko komunikazio instituzionalik eza, komunikabideen bidez ezagutzera ematen den informazio garrantzitsua aurrez dagokion batzorde informatiboan ez partekatzea, eta kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez izatea".
Ondorioz, uda osterako "gobernu onaren, gardentasunaren eta kontuak ematearen printzipioak indartzeko beharra" onartzearekin batera, printzipio horiek indartzeko galdegiten dio udal gobernu taldeari, "berariazko konpromiso formala har dezala, irailerako ekimen argi eta zehatzak aurkeztuz".
"Akusazio larri, faltsu eta onartezinak"
PSE-ko udal ordezkari Petri Romerok testua babestea erabaki zuen. Argibideren bat galdegiterakoan udal gobernu taldearen erantzuna beti jaso zuela zioen. Aldiz, ideien elkartrukerako eta "lanean modu koordinatuan lan egiteko" bilera gehiago eskatu zituen.
EAJ-ren mozioari erantzunez, EHBilduren udal gobernu taldetik adierazi zutenez, "zur eta lur geratu gara" adierazi zuten. "Akusazio larri, faltsu eta onartezintzat" jo zituzten mozioko hitzak, eta horiek eusteko "adibide bat bera ere ez duzue jarri" aurpegiratu zieten jeltzaleei. Horregatik, gaineratu zutenez, "ez dugu onartuko, gure kudeaketa gardena eta kolaboratiboa zalantzan jartzea".
Ukatu egin zuten EHBilduren ordezkariek informazioa ukatu zaienik oposizioko taldeei, mozioan "gauza asko nahasten" direla jakinaraztearekin batera. Oposizioko talde batek dituen betebehar eta eskubideak gogorarazi zizkieten udal gobernu taldetik. Testuinguru horretan, ziurtatu zuten EAJ-k "oso kasu bakanetan eskatu" izan duela informazioa eta "eskatutako informazioa edo argibideak beti eman zaizkie". Horrez gain, gogorarazi zieten "beti esan izan dugu, gure bulegoko ateak beti irekiak daudela".
Legealdiko jardunaren gogorarazpena
Udal gobernu taldetik 2023an legealdia hasi zutenetik hona, azken bi urteotan kudeaketa gardena, kolaboratiboa eta informatzailea izan dela argudiatzen zuen jardunaren berri eman zuten.
27 osoko bilkura egin dira, hogeitik gora aldiz bildu izan dira osatuak dituzten hiru batzorde informatzaileak (herritarrak, lurraldea eta antolaketa). Batzorde informatzaile horietan eskuartean dituzten proiektuen berri ematen dutela jakinarazi zuen alkateak. "Batzordeak lanerako eta fiskalizaziorako tresnak ere badira, baina horretarako jarrera horrekin joan behar da", adierazi zion EAJ-ri.
"Defentsa hori ez dator bat errealitatearekin", erantzun zioten EAJ-tik. "Hori da kolaboratiboa izatea?", galdetu zioten udal gobernu taldeari. Proiektuak oposiziora "itxita datozela" adierazi zuten, "egin ahal dugun bakarra bozkatzea da". EHBilduk gehiengo osoa izanik, "zuen eskubidea ez da ezer ez egitea, baina ez esan kolaboratiboa denik".
Udal gobernu taldetik gaiak itxitzat heltzen zaizkienik ukatu zuen EHBilduk. Hobetzeko beti egon daitekeela ziurtatuta, "oso larria da hemen aditzera ematen duzuena" erantzun zioten EAJ-ri. Zer helbururekin aurkeztu zuten mozioa argitzea galdegin zuten eta mozioa erretiratzea.
Ez zen halakorik gertatu eta aipatu moduan, EHBilduren aurkako botoekin gehiengo osoz onartu gabe geratu zen testua.
EAJ-PNV udal taldearen mozioa, gobernu onaren, gardentasunaren eta informaziorako eskubidearen alde Usurbilgo Udalean
Erakunde baten kalitate demokratikoa gobernu onaren, gardentasunaren eta kontuak ematearen printzipioekin duen konpromisoaren arabera neurtzen da. Alde horretatik, Usurbilgo Udalak bermatu egin behar du herritarrek eta udal taldeek kudeaketa publikoari buruzko informazio egiazkoa, osoa eta eskuragarria jasotzeko duten eskubidea, bai eta eragiten dieten gaietan parte hartzeko duten eskubidea ere.
Hala ere, azkenaldian, udal-gobernuaren dinamika politikoan praktika kezkagarriak antzeman dira, printzipio horietatik urruntzen direnak: iluntasuna alde bakarretik hartutako erabakietan, oposizio-taldeekiko komunikazio instituzionalik eza, komunikabideen bidez ezagutzera ematen den informazio garrantzitsua aurrez dagokion batzorde informatiboan ez partekatzea, eta kudeaketaren kontu emateko mekanismo eraginkorrik ez izatea.
Jarduera horiek, herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza higatzeaz gain, eragotzi egiten diete talde politikoei beren kontrol eta proposamen lana berdintasun eta legitimitate baldintzetan egitea.
EAJ-PNVk gogorarazi nahi du gobernantza onarekin dugun konpromisoa hainbat araudi-ekimenetan gauzatu dela, bai foru mailan, bai erkidego mailan; integritate publikoa, kontuak ematea eta herritarren parte-hartzea sustatzen dutenak. Zehazki, Gobernu Onari, Gardentasunari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1/2016 Foru Arauak esparru argia eta aurreratua ezartzen du, Usurbilgo praktika instituzionala hobetzeko erreferentzia izan daitekeena.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV Udal Taldeak Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkurari honako ERABAKI hauek hartzea proposatzen dio:
1) Gobernu onaren, gardentasunaren eta kontuak ematearen printzipioak indartzeko beharra onartzea, horiek baitira Usurbilgo Udalaren ekintza instituzionalaren funtsezko oinarriak.
2) Alkateari eta udal-gobernu taldeari eskatzea printzipio horiek betetzeko berariazko konpromiso formala har dezala, irailerako ekimen argi eta zehatzak aurkeztuz, udal-taldeekin komunikazio eta elkarlan instituzionalerako mekanismo argiak ezartzeko, informaziorako sarbidea bermatzeko eta erabakiak alde bakarretik hartzea saihesteko.
3) Gardentasunari eta gobernu onari buruzko udal-erregelamendu bat egitea bultzatzea, 1/2016 Foru Araua eta beste arau-erreferentzia garrantzitsu batzuk oinarritzat hartuta: publizitate aktiboaren, informazio publikoa eskuratzeko bidearen eta herritarren parte-hartzearen irizpide objektiboak finkatzeko.
4) Gaur egungo kudeaketaren kontu emateko sistema hobetzea, kudeaketa-txosten eskuragarriagoak eta ulergarriagoak egitea hobetuz, eta egun informazio-batzordeetan ematen den informazioa zabalduz edo sakonduz. Azken batean, udal-talde guztientzako informazio erreal eta eraginkorreko kanal instituzional bat osatzea; udal proiektu, erabaki eta politikei buruzko informazio garrantzitsu guztia zuzenean komunikatuko dela bermatzeko, eta ez kanpoko bitartekoen bidez.
5) Udaleko hautetsiei eta teknikariei gardentasunari, gobernu onari eta parte-hartzeari buruzko prestakuntza espezifikoa ematea, eremu horietan erakundeen gaitasunak hobetzeko.
Usurbil, 2025eko uztailak 15