Oiloki eta Arratzain arteko bidea itxita asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 29a, 09:00

Bide horren egonkortze lanei segida emango diete datozen egunotan. Horretarako, itxi egingo dute Oiloki eta Arratzain arteko bide hori.

Asteazken honetan, uztailaren 30ean, Agerialdetik gora Arratzainera igo edo handik jaitsi behar duzuenok adi. Izan ere, bide hau itxita izango duzue, Oiloki eta Arratzain artekoa hain zuzen. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, bide horretako egonkortze lanak amaitzea da itxiera horren xedea.

Horretarako, asteazken goizeko 8:00etan ixtekoak dira aipatu bide zatia. Hortik aurrera egingo dituzten lanen berri eman du Udalak. "Zehazki, hodi berri bat jarriko da, menditik datorren ura modu egokiagoan bideratzeko, eta, hala, luizi arriskua gutxitzeko. Izan ere, iazko urrian izandako euriteen ondorioz, luizia izan zen herri bide horretan. Horri aurre egiteko, 23 metroko harri-lubeta bat eraiki zen uztail hasieran, eta ura bideratzeko hodi berria jarriko da egunotan", Udaletik iragarri dutenez.

Bi egun
Lanotarako bi egun beharko dituztela aurreikusi du Udalak. Aipatu moduan, asteazken honetan, hilaren 30ean hasiko dituzte. Biharamuna, uztailaren 31 jaieguna izango da. Lanak eten egingo dituzte eta bidea bera irekita egongo da. Honenbestez, ostiralean, berriz itxiko dute bidea; abuztuaren lehen egun horretan amaituko dituzte lanok.

Gogoan izan, egonkortze lan horiei uztailaren 9an ekin zieten. Udaletik berri emana dutenez, hobekuntza lan hauetara "guztira, 47.589 euro bideratuko dira herri-bide hori egonkortzeko; landa bideak konpontzeko aldundiaren dirulaguntza jaso du udalak, 26.000 eurokoa".