HarEman egitasmoak biziberrituta ekin dio bere bigarren aldiari. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, sei bikote berriek eman dute izena, Zabalduz kooperatibak dinamizatzen segiko duen egitasmorako. Oraingo honetan, ordea, bi berritasun iragarri dituzte sustatzaileek. "Izena emateko aukera urte osoan zabalik izatea, eta bakarka zein taldean parte hartzeko aukera eskaintzea. Horren aldeko hautua egin du zenbaitek, izatez", Udaletik zehaztu dutenez.
Gogoan izan, Usurbilen bizi direnak eta Usurbilera bizitzera etorritakoak hartuemanetan jartzen ditu estreinakoz 2023ko udazkenean martxan jarritako egitasmo honek. Lehen aldian, zortzi bikote osatu ziren. Bigarren aldi honetan, uztailerako izena emana zuten sei bikote berriek beharrezko xehetasunak jaso eta elkar ezagutzeko aukera izan zuten Kalezarko Pelaioenean eginiko topaketan. Hemendik aurrera, "bikote bakoitzak bere prozesua egingo du, orain: astean behin elkarrekin adostutako planak egingo dituzte, etorri berriek Usurbil eta usurbildarrak ezagutzeko aukera izan dezaten, eta Zabalduz-eko kideen laguntza profesionala izango dute, sei hilabetez. Uztaileko saioan sortutako giroa nabarmendu du Zabalduzek, eta azaldu, parte-hartzaileen ekimenez, nork bere dinamika propioa jarraitzeaz gain, tarteka talde osoa elkartzea ere adostu zutela".
2026rako hirugarren txanda
HarEman proiektuaren bigarren aldi hau martxan bada ere, interesdunek urte osoan eman dezakete izena. "Galdetegi bat betetzea nahikoa da horretarako, eta bestelako zalantza, argipen edo informazioren bat nahi duenak bestelako bideak ere baditu eskura: hareman@zabalduz.eus helbide elektronikoa, 722 446 156 telefonoa edo programari buruzko udalaren orrialdea. Bigarren aldiko bikoteak osatuta, hemendik aurrera izena ematen dutenekin hurrengo aldirako zerrenda osatuko da".
Hurrengo aldi hori, hirugarrena, 2026. urte hasierarako finkatua dute ekimen horren sustatzaileek. HarEman, Usurbil harrera herri izateko bidean emandako beste urrats bat da. "Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoari jarraituz, azken urteetan hainbat lan egin dira harrera herri izateko ahaleginean", Udaletik gogorarazi dutenez.
Bi eremutan dihardute eragiten; udalean eta komunitatean. "Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzua, erroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana. Etorri berriek haiei zuzendutako ekimen eta bestelako zerbitzuen berri izan dezaten errazteko, panel informatibo handi bat jarri zen, martxoan, udaletxeko atarian, eta ondoan jarrita daude, eskura, herriko baliabideen gida berritua, erroldatzearen inguruko azalpenak, oinarrizko hiztegia eta HarEman programaren eskuorria. Udalak egin dezakeenaz gain, ordea, komunitateak egin dezakeen ekarpena handia izan daitekeela iritzita jarri zen martxan HarEman programa: modu boluntarioan aritzen dira parte-hartzaile guztiak".