Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
Egurtzegin kokaturiko "bizi osorako etxebizitzak" deiturikoak. Haietara sartzeko "baremazio eta esleipen prozedura" araudia hasieraz onartu zituen udalbatzak uztailaren 24ko osoko bilkuran. Zainduak izan behar dutenei nahiz haren zaintzaile afektibo zein profesionalei elkarrekin bizitzen segitzeko aukera eskainiko zaie, horretarako egokitu dituzten "bizi osorako" deituriko sei etxebizitzetan.
Matiaren jabetzakoak dira sei etxebizitzok baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokairuan hartu ditu Usurbilgo herritarrentzat, biek (Matiak eta Udalak) izenpeturiko hitzarmenari esker. Ondorioz, Udalak kudeatuko ditu lau etxebizitza horiek, hasieraz onartu berri duten ordenantzaren bidez. Zaintzadun etxebizitzak izango dira. Bizi osorako etxebizitzotako bizilagunek "gizarte zerbitzuetako gizarte langile erreferenteak izango dituzte. Haiek izango dira bertako bizi proiektuok aurrera eramateko artikulazio lanetan laguntzaile eta berdin; herriko anbulategia izango da haientzat osasun erreferente".
Udalak hartutako erabaki horren berri eman du gaurko, abuztuaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Bihartik zenbatzen hasita hilabetez jendaurrean izango da erabaki hau. Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, "oinarrien aldaketa behin betikoz onartutzat joko da".
Indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko II. Tokiko protokoloa
Ekainaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran aho bateko onespena eman zioten indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko bigarren tokiko protokoloari. Iragan udazkenean hasi zuten Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean, indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako aurretik zegoen protokoloa eguneratzeko lanketa.
Sortzen aholkularitza zerbitzuak dinamizatu du hilabeteotako lanketa prozesua. Bertan parte hartu dute "Udaleko Parekidetasun sailak, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioak, Osakidetzak eta Ertzaintzak". Mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea ere gonbidatu zuten lankidetza eremu horretara.
ezinbestekotzat jo zuen protokoloa berritzea, eremu horretan urteotan izan diren lege aldaketengatik edota txertatzen joandako kontzeptu berri asko tarteko.
Iragan urrian ekindako prozesuaren baitan, hain zuzen, urteotako aipatu aldaketa horiei guztiei buruzko lanketa bideratu dute. Indarkeria matxistaren biktima diren ama eta seme-alaben gaia jorratu zuten eta lankidetza horretara gonbidatu zituzten herriko ikastetxeak. Indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa eta erakundeek eman beharreko erantzun politiko-instituzionala izan ziren beste lanketarako gaiak.
Eginiko lanketaren emaitza, aipatu bigarren protokolo eguneratua izan da. Udalbatzak ekaina amaieran hartutako erabakiaren berri eman du gaurko, abuztuaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.
Zapategi
Azkenik, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-78 (TE) Zapategi eremuaren Aldaketa Puntualaren A-110 (Zapategi) hirigintza eremuko Urbanizazio Proiektua" behin betiko onartu duela berri eman du Usurbilgo Udalak, gaurko, abuztuaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.