Uztailaren 18an plazaratu genuen azkeneko NOAUA!. Ordutik izandako etenaldiaren ondotik, oporraldi osteko lehenengo astekaria irailaren 5ean argitaratuko dugu. 1043. NOAUA! horri begirako oharrik baldin baduzu, ohiko bideotatik helarazi dezakezu: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321/Bordaberri 3, behea.
30 urteen atarian
Udako oporraldi osteko sasoi berri hau, berezia izango da NOAUA! Kultur Elkartearentzat. Izan ere, datorren urtean, 2026an, sortu zenetik 30 urte beteko ditu. Kultur Elkarte honek uztaila honetan bertan bazkideei helarazitako gutun bidez jakinarazi bezala, urtemuga horretarako "prestatzen ari gara. Elkarteak zein hedabideak, etorkizunera begira dituzten erronkak zeintzuk diren identifikatzen ari gara. 25. urteurrenean Herria herritik, beste 25 baietz!!! aldarrikatu genuen eta bide horretan, zuekin batera definitu nahi ditugu hurrengo urratsak eta hurrengo erronkak".
Erronka horiei heltzeko, NOAUA! kide egiteko une ezin egokiagoa duzue. NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza elkarteko egoitzara bertara etorrita tramitatu ahalko duzue (Bordaberri 3, behea) edo bestela, 943 360 321 telefono zenbakira deituta edota webgune honetan bertan; noaua.eus/egin-kide/ helbidean hain zuzen.