Abuztuaren 4tik 17ra itxita egon ostean, indarberritua itzuli da Oiardo kiroldegiak eskaini ohi duen zerbitzua. Batetik, Udalak berak urteroko itxialdi horren aurretik berri eman zuenez, tarte hau, "gimnasioa hirugarren solairura aldatzeko" baliatuko dutela iragarri zuen Usurbilgo Udalak. "Zehazki, gaur egun tatamia dagoen tokian jarriko da, gimnasioan erabiltzaile gehiago ibiltzen delako: handiagoa denez, gimnasioak espazioa irabaziko du, eta aurrera begira, makina berri gehiago jartzeko aukera emango du. Tatamia, berriz, egun gimnasioa dagoen lekura aldatuko da. Guztira, 15.000 euro inguru bideratuko dira. Era berean, bi espazioetan eguzki izpiak leuntzeko laminak jartzen ari dira; 7.600 euro inguru bideratu dira".
Aretoetako nahiz igerilekuko jarduerak
Gimnasioa handitzeaz gain, 2025-26 denboraldirako prestaturiko ikastaroen eskaintza plazaratu eta trebakuntza saio horietan izena emateko epealdia zabaldu du Oiardo kiroldegiak. Ohi bezala, aretoetako jarduerak antolatu ditu 16 urte artekoentzat (zumba, eskalada, igeriketa eta spinning-a uztarturiko ikastaroa, gazte entrenamendu funtzionala eta gimnasioa), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantenu gimnasia, zumba, hiit, hipopilates, hipopresiboak, spinning eta tonifikazioa edota spinning eta igeriketa uztarturiko ikastaroak, yoga, jarduera fisiko egokitua, eskalada edota total training) eta 16 urtetik gorako emakumeei zuzendurikoak (pilates eta ur jarduerak haurdunentzat, erditze ondorengoa edota oinarriko indar entrenamendua).
Horrez gain, uretako jarduerak ere antolatu dituzte 0-16 urte artekoentzat nahiz 16 urtetik gorakoentzat.
Kiroldegitik ohartarazi dutenez, "ikastaro jakin batean izena emandako pertsona kopuruak eskainitako gehieneko plaza kopurua gaindituz gero", zenbait irizpide aplikatuko dituzte. Batetik, "zozketa bidez erabakiko da nola beteko diren ikastaroko plazak". Zozketa horretan, usurbildarrek izango dute lehentasuna eta haien artean zozketatuko dira plazak. Azkenik, "usurbildarrek plaza lortu ostean, plazak soberan geldituko balira, beste herrietako pertsonen artean zozketatuko dira".
Ikastaro horietan guztietan izena emateko aukera izango da irailaren 10era arte, esteka honen bidez: https://forms.gle/
Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: kirola@usurbil.eus helbidean edo 943 372 498 telefono zenbakian.
Ordutegi aldaketa
Udako ordutegia indarrean izaten segiko du Oiardo kiroldegiak uztailean bezalaxe, hilabete honetan ere, abuztuaren 31ra arte hain zuzen:
Lanegunak: 07:00-20:15 (igerilekua 20:00).
Larunbat, igande eta jai egunak: 09:00-13:00 (igerilekua 12:45).
Irailaren 1ean, ohiko ordutegian irekiko dute berriz Oiardo kiroldegia:
Lanegunak: 07:00-22:00 (igerilekua 21:45).
Larunbat, igande eta jai egunak: 09:00-21:30 (igerilekua 21:15).
Informazio gehiagorako:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
bpxport.es
Facebook: @oiardokiroldegia
Twitter: @oiardokiroldegi