Indarkeria matxistari aurre egiteko tokiko protokolo eraberritua Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2025ko abu. 25a, 08:23

Ekainaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran aho bateko onespena eman zioten indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko bigarren tokiko protokoloari. Erabaki haren jakinarazpena argitaratu du asteotan Udalak.

Iragan udazkenean hasi zuten, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean, indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako aurretik zegoen protokoloa eguneratzeko lanketa.

Sortzen aholkularitza zerbitzuak dinamizatu du hilabeteotako lanketa prozesua. Bertan parte hartu dute "Udaleko Parekidetasun sailak, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioak, Osakidetzak eta Ertzaintzak". Mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea ere gonbidatu zuten lankidetza eremu horretara.

Eginiko lanketaren emaitza, aipatu bigarren protokolo eguneratua izan da. Aho bateko onespena eman zion udalbatzak ekainaren 26ko osoko bilkuran. Erabaki haren berri eman zuen Udalak abuztuaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

"Ez da hutsetik hasitako prozesua"
Udal gobernu taldetik, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ezinbestekotzat jo zuen protokoloa berritzea ekaina amaierako osoko bilkuran, eremu horretan urteotan izan diren lege aldaketengatik edota txertatzen joandako kontzeptu berri asko tarteko.

Iragan urrian ekindako prozesuaren baitan, hain zuzen, urteotako aipatu aldaketa horiei guztiei buruzko lanketa bideratu dute. Indarkeria matxistaren biktima diren ama eta seme-alaben gaia jorratu zuten eta lankidetza horretara gonbidatu zituzten herriko ikastetxeak. Indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa eta erakundeek eman beharreko erantzun politiko-instituzionala izan ziren beste lanketarako gaiak.

Ekainaren 26ko osoko bilkuran udal gobernu taldetik gogorarazi moduan, lanketa prozesu hau "ez da hutsetik" hasitakoa izan. Nabarmendu zuenez, Usurbilek ibilbide luzea jorratua du arlo honetan, "halere ez da nahikoa", indarkeria matxistak nola kolpatzen segitzen duen ikusita.

Horregatik, garrantzia handikotzat jo zituen alkateak lankidetza marko horren baitan, protokoloaren sinatzaileek hartutako konpromisoak, zortzi akordioetan zehaztuak daudenak.