Zapategi eremuari lotutako zenbait erabakiren berri eman du Usurbilgo Udalak asteotan. Izan ere, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-78 (TE) Zapategi eremuaren Aldaketa Puntualaren A-110 (Zapategi) hirigintza eremuko" urbanizazio eta birpartzelazio proiektuak behin betiko onartu dituela berri eman zuen, abuztuaren 1eko eta uztailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Gogoan izan, Michelin ondoko eremu honetan kokatuko dira Gureak eta covid19ak eragindako krisialdiaren baitan Elkarrek proiektua utzi ostean, bere ordez, egitasmoan sarturiko Balfer inbertsoreak erakar ditzakeen jarduerak.
Gureak lantegiak hain zuzen, egitasmo honi lotutako beste erabaki baten berri eman zuen baita abuztuaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Urbanizazio-proiektua egikaritzeko lizitazio kontratuari lotutako iragarkia argitaratu zuen. "Kontratuaren xedea da, Usurbilgo «A110 Zapategi urbanizatzeko proiektuaren» arabera urbanizatzeko obrak egitea. Proiektu hori Lizarribar SL ingeniaritza-azterlanak idatzi zuen", berri eman zuen Gureak-ek.
3.604.603,13 eurokoa izango da lizitazioaren oinarrizko aurrekontua. Bederatzi hilabeteko epealdia izango da kontratua egikaritzeko. Eskaintza aurkezteko 21 egun naturaleko epealdia finkatu zuen Gureak-ek, abuztuaren 8tik zenbatzen hasita. Dokumentazioa eta informazio gehiago helbide honetan jarri dute eskuragarri: gureak.com/eu/proiektuak/zapategi
Gureak, Balfer eta Michelin
Egitasmo hau sustatzeko hainbat urrats eman dira urteotan. Besteak beste, Zapategiko lur-eremua garatzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena behin betiko aho batez onartu zuten 2021eko abenduaren 23ko udalbatzarrean, aurreko iraila bukaeran hasieraz onartu ostean. Hirigintza hitzarmen berriak hiru urte lehenagokoa, 2018ko urrian Elkar, Michelin, Gureak eta Udalak sinaturikoa ordezkatu zuen.
115.000 metro karratuko azaleran, batetik Michelinek 70.000 metro karratuko eremua hartuko du bere jarduna finkatzeko, eta gainerako ia 50.000 metro karratuetan kokatuko dira Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarri dezakeen enpresa(k). Erabilera industrialerako gune honetan, kontuan hartu nahi izan dute, pertsonen joan etorrirako eremua izatea, genero nahiz irisgarritasun ikuspegiak txertatu dituzte, baliabide naturalak balorean jarri nahi dituzte. "Proiektu hau, eremu degradatua berrerabiltzeko apustua" izango da.
Hirigintza hitzarmen hau Usurbilgo herriarentzat diru-iturri garrantzitsua izango da; %15a Udalak eskudirutan jasoko du, 862.000 euro guztira. Proiektuaren onurak haratago doaz, 700 lanpostu (gehienak lekuz aldaturikoak) erakarriko baitituzte Zapategi eremura.