Uztaila amaieran eta abuztu hasiera jai giro betean joan zitzaigun, Zubietako eta Urdaiagako festei esker. Etenik gabeko hamaika ospakizun egun bizi izan ziren uztailaren 24an hasi eta abuztuaren 3ra arte.
Lehenbizi, Zubietako jaien "Aste Nagusia" izan genuen uztaila amaieran. Edorta Muruak eman zien hasiera festei. Hortik aurrera, "elegantzia abstraktua" lelodun herri afarian murgildu ziren eta etenik gabeko astebeteko ospakizun zikloari ekin zioten. Soka dantzan aritu edota desafiyuan, giza proban, herri kiroletan, errebotean eta Yoko Garbian lehiatu ziren. Oilasko biltzera irten ziren edota Andatzara mendi buelta egitera. Haurrek haien jaiegun nagusia izan zuten, jolas, mural margoketa edota, estreinakoz, Lauburu konpartsakoen bisitarekin. Hainbat otordutan batu ziren; hala nola, zikiro janean, bertso bazkarian edota jubilatuenean. Baina dastaketarako hitzordu gehiago izan zituzten, bertako sagardo dastaketarekin edota krokepotearekin. Kontzertu gauek borobildu zituzten festa egun haiek.
Urdaiagak hartu zuen, Zubietako jaiak amaitu eta biharamunean, festen lekukoa abuztuko lehen asteburuan. Urte askotako ohitura berreskuratuta ekin zieten Xanistebanei; oilasko biltzaileen irteerarekin hain zuzen. Auzotarrak biltzeko hainbat hitzordu antolatu zituzten; hala nola, bertso edota herri afariak. Auzokideak lehian jarri zituzten jolasen bidez, eta herrikideak baita herri kiroletan, mus jokoan bertako nahiz bisitariak. Haurrek egunpasa betea izan zuten jolas eta tailerrekin.
Orbeldi dantza taldekoak eta, estreinakoz, Lauburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoen bisitak girotu zuten asteburua eta, nola ez, kontzertu gauek eta azken arratsaldeko erromeriak.
Zubietako eta Urdaiagako jaietako hainbat une irudiotan batu ditugu. Web orrialde honetako "Bereziak" atalean dituzue ikusgai. Esteka hauen bidez hel zaitezkete:
Zubietako jaiak
Urdaiagako jaiak