Odei Guiradoren ikerlana saritu du Euskaltzaindiak

Noaua Aldizkaria 2025ko abu. 27a, 10:15

Odei Guirado usurbildarraren ikerlana saritu du Euskaltzaindiak.

"Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua" izena du Odei Guiradoren ikerlanak. Euskaltzaindiak saritu duela berri eman dute asteotan.

"Bilboko Hezkuntza Fakultateko Maria Dosil irakaslea eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Joana Miguelena irakaslearekin dabil tesia egiten Guirado. Egileak 3.000 euro gordin jasoko ditu eta 2026ko otsailaren 27ra bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko", berri eman dute.

Sariketa hau Mintzola izeneko egitasmotik bideratu du Euskaltzaindiak. "Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi ikerketa lan saritzeko deialdia martxoan argitaratu zuen Euskaltzaindiak Mintzola proiektuaren bidez", sustatzaileen esanetan.

Deialdiaren helburua honelaxe zehaztu dute: “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua”.