Oiardo itxita astelehenera arte, bart gaueko sutearen ostean

Noaua Aldizkaria 2025ko abu. 28a, 10:37

Astelehenera arte itxita egongo da Oiardo kiroldegia, bart saunan piztutako sutearen eraginez.

Bart berandura arte piztuta egon da Oiardo kiroldegiko argiteria, izandako ezustekoa tarteko. Kea zerion bart udal kirol instalakuntzari. Suhiltzaileak bertaratu ziren eremura. Bereziki, igerilekua kokatua dagoen inguruan aritu ziren lanean. Izan ere, 21:10 aldera sutea piztu zen saunan. "Kiroldegia itxita egonda, suteen aurkako alarmaren bidez bertaratu ziren suhiltzaileak kiroldegira: pare bat ordutan egoera kontrolpean izan bazuten ere, guztira lau ordu inguru izan ziren lanean", berri eman du Udalak.

Une horretan, itxita zegoen kiroldegia, honenbestez, ez da kalte pertsonalik izan; bai, ordea, kalte materialak. "Kalte ugari sortu zituen suteak kiroldegiaren azpiegituretan, saunan eta igerilekuetan ez ezik, baita goiko solairuetan ere, batik bat, azken solairuko aldageletan. Gainerako espazioak, garbiketa behar badute ere, egoera onean daude, nahiz eta erre usaina nabaria den ia eraikin osoan", berri eman du udalak.

Kalteok konpontzeko lanak abian dira jada. Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez, "argindarra berrezartzeko lanak eta garbiketa lanak martxan dira dagoeneko". Testinguru horretan, "perituek kalteak baloratu beharko dituzte; orduan jakingo da zenbaterainoko kaltea eragin duen", Udaletik ohartarazi dutenez.

Oraingoz, Udalaren asmoa, "gimnasioa, pista eta beheko aldagelak ahalik eta azkarren irekitzea da helburua; saunaren eta igerilekuaren kasuan, ordea, luze joko du". Ildo horretan, Udaletik iragarri dutenez, "kalteen balorazio zehatza egin arte, ezingo da argitu igerilekuko ikastaroekin zer gertatuko den".

Momentuz gaurtik itxita egongo da Oiardo kiroldegia. Udalak aurreikusi duenez, astelehenean, irailaren 1ean irekiko dute berriz. Itxialdi honetan zehar, Udaletik gogorarazi dutenez, "erabiltzaileek Buruntzaldeko zein Kirol Txartela Mugiment sareko kiroldegiak erabili ahal izango dituzte".