35 herritar bataz beste, bakardadea arintzeko abuztuko saioetan

Noaua Aldizkaria 2025ko abu. 29a, 11:52

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Bakardade egoerak arintzeko Usurbilgo Udalak abuztuan eginiko eskaintzak harrera ezinhobea izan du.

Abuztua, etenaldiaren, itxialdien eta oporraldiaren sinonimo izan ohi da askorentzat eta horrek islada argia izaten du baita herri bizitzan ere. Testuingurua lagungarria izan ohi da bakardade egoera areagotzeko. Errealitate hau iraultzen laguntzeko, bakardadea arintzeko elkargunea izateko xedez, ekimen berri bat izan du hilabete honetan zehar Usurbilgo Udalak, aurrez iragarri zuen moduan "zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak egindako proposamen bati tiraka".

Astean behin, ostiralero eta bi orduz, hala nahi zuen herritar ororekin topagune bat eratu dute paseo baten eta horren osteko kafetxo baten bueltan.

Udalak uztailean ezagutzera emandako eskaintzak harrera ezinhobea izan duela nabarmendu dute. Izan ere, udal iturrien arabera, bataz beste 35 lagunek bat egin dute astero deialdirekin. Guztira lau saio egin dituztela berri eman du Udalak. "Frontoian elkartu, paseo txiki bat eman, eta kafe baten bueltan tertulian aritu dira, ostiral goizetan. Zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak egindako proposamen bati tiraka proposatu zituen paseook udalak, eta positiboki baloratu ditu, parte hartu duten herritarren kopurua ikusita", azaldu dute Udaletik.

Premia bazen
Kopuruari soilik erreparatzeak agerian uzten du sustatzaileen esanetan, halako ekimenen beharra. "Gehienak zaintza zerbitzuren batean parte hartzen badute ere, ekimena herritar orori irekia izan da, eta hala animatu dira beste zenbait herritar ere. Kaxkora joateko zailtasunak dituzten herritarrentzako garraio zerbitzua ere antolatu du udalak, parte hartzeko aukera errazteko helburuarekin. Paseoak, gainera, nork bere erritmora eman dituzte: ibilbide luzexeagoa egin dute batzuek, motzagoa besteek, bakoitzaren erritmoa eta gorputzaldia aintzat hartuz".

Ibilaldi horietan bidelagun izan dituzte parte hartzaileek zaintza zerbitzuetako profesionalak. "Bertan parte hartu dute, baita ere, Udalaren eskariz bakardade ez hautatuaren inguruan lanketa egiten ari diren kideek. Tertuliak dinamizatzeaz ere arduratu dira, hizketarako gaiak proposatuz, tarte atsegina izateko".

Ostiraletako eskaintza honez gain, Udaletik berri eman dutenez, estreinakoz "abuztuan ere eskaini da Eguneko Arreta zerbitzua, ohi bezala, Artzabalen".

Ostiraletako hitzorduok galdetegi baten emaitza dira. Abuztuko itxialdi, opor, zerbitzu murrizketa edota horien ordutegia aldatzeak "herrian zaintza zerbitzuetan parte hartzen duten herrikideen artean zein sentsazio sortzen zien galdetu zuen, hori arintzeko aukerak baloratzeko, eta horren emaitza izan da abuztuko eskaintza".