Uda amaierako ekintzen eta ikasturte berrikoen artean joango zaigu iraila

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 1a, 13:23

Usurbilgo Udala etxez etxe banatzen hasia da hilabete honi dagokion kultur agenda. Uda amaierako hitzorduen eta ikasturte berriari lotutakoen artean joango zaigu urteko bederatzigarren hilabete estreinatu berri hau.

Heldu da askorentzat oporraldi amaiera eta egunerokora itzultzeko unea. Asteotan, pixkanaka, lantoki nahiz ikasgelak ohikora bueltatuko dira, baita herri bizitza ere. Urdaiagako eta Atxegaldeko jaiak salbu abuztuan izandako etenaldiaren ostean, irailan sartzearekin batera, bueltan datozkigu hamaika hitzordu, Udala etxez etxe gaur banatzen hasia den kultur agendak dakarren moduan.

Iraila estreinatu berri honen lehen hamabostaldi honetan, zuen aisialdi tartea antolatzen hasteko hainbat ikastaroetan matrikulatzeko aukera izango duzue eta, horien artean, lehen trebakuntza saioak aste honetan zehar, "Santuenea martxan!" bertako auzo elkarteak antolaturiko zikloaren baitan.

Tailer gehiago izango dira, bestalde, kontzertu, bazkari eta ekitaldi gehiagorekin, irailaren 13ko 2. Iñurri Egunean. "Beste behin ere zuen babes eta laguntza nahi eta behar ditugu, egun solidario hau zuekin ospatu nahi dugulako", adierazi dute antolatzaileek.

Delirium Tremens-en agurra
Olatz Salvador, Olaia Inziarte, Idoia Asurmendi eta Mirua izango dira jaialdiaren agurrean. Ez dira, ordea, hilabete honetarako Usurbilen antolatu diren kontzertu bakarrak izango. Gogoan izan, ostiral honetan bertan, irailaren 5ean, Delirium Tremensek iragarritako agurreko kontzertuen biraren baitan, emanaldia eskainiko du Mikel Laboa plazan, herriko Txiskeroak taldekoekin batera.

Musikaz blaituak izango dira baita Santueneko jaiak; irailaren 19tik 21era ospatuko dira aurtengoan. DJ gauekin batera, haurrei zuzenduriko ekitaldiak, auzotar nahiz herrikideak bilduko dituen otordu nahiz dastatze saioak, txapelketak eta gehiago izango dira asteburu horretan.

Hurrengoan, iraila amaieran, Errebote Asteburua antolatu dute ordurako jada (irailaren 7an lehen neurketak) abian izango den 62. Enrike Abril Errebote Txapelketaren plaza nagusietakoa den Zubietan.

Kirol hitzordu gehiago izango ditugu lehenago ere; Usurbil K.E.-k taldeen aurkezpen ofiziala egingo du irailaren 6an Sutegin. Gune berean, "Norgehiagoka. Eskola kirola eta multikirola" izeneko erakusketa bisitatu ahalko duzue hilabete amaieran.

Sagar jotzea eta dastaketa
Horrez gain, kantu-jira edota Sareren mobilizazioak itzuliko dira herri bizitzara. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bisita gidatuek jarraipena izango dute baita hilaren 13tik aurrera. Egun horretan, sagar jotzea ezagutzeko aukera eskainiko dute. Sagardoaren kulturaz ari garela, "Iparraldeko sagardoen dastaketa gidatua" antolatu dute Alkartasuna kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak.

Azaroan 20 urte beteko dituen Sutegin kokaturiko udal liburutegiak manga tailerra antolatu du baita hilabete honetarako.

Irailak dakarrenaren xehetasun gehiago web orrialde honetako "Agenda" atalean aurkituko dituzue baita usurbilkultura.eus plataforman ere.