Irailaren 8an abiaraziko dute San Esteban kaleko egokitze lanen bigarren fasea

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 1a, 11:24

Datorren astelehenean abiaraziko dute herri erdigunea eta tren geltokia lotzen dituen kaleko egokitze lanen bigarren fasea.

Bere garaian eginiko egokitze lanen bigarren faseari ekitekoak dira astebete barru. Izan ere, Usurbilgo Udalak iragarri duenez, irailaren 8an abiaraziko dituzte San Esteban kaleko obrak.

"Goiko zatia gauzatu zuen enpresa berberak eskuratu du bigarren lizitazioa ere, Sasoi Eraikuntzak, 210.164,58 euroan: bi hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko. Trenera doan zatia eta Etxealdiko beheko eremura daraman bide zatia egokituko dira, eta lanak amaitutakoan, itxura bateratua izango du kaleak, goitik behera. Goiko zatian bezala, behekoan ere lur azpiko azpiegiturak berritzeko aprobetxatuko dira obrak", berri eman du Udalak.

Lanok amaitu artean, "San Esteban kaletik Etxealdiara jaisteko aukera izango dute oinezkoek, erdialdean dauden eskaileren bidez. Ibilgailuek, ordea, ezingo dute kalea zeharkatu, eta Bizkarre kaletik egin beharko dituzte joan-etorriak".