Nobedadeak iragan astean Oiardo kiroldegiko saunan izandako sutearen harira. Ordutik itxita zegoen eta hala jarraituko zuela berri eman zuen Udalak, ahalik eta kirola egiteko baldintza egokiak bermatu arte.
Astebetez Oiardo kiroldegia itxita izan ostean, Usurbilgo Udalak gaur erabaki berri duenez, bihar bertan, irailaren 3an irekiko dute udal instalakuntza hau, partzialki bada ere, ohiko ordutegian.
Hala erabaki dute astearte honetan. Izan ere, "udalak Quiron Prevencion enpresari eskatu dio airearen kalitatea neur dezan, baldintza egokiak dauden edo ez jakiteko — enpresa hori arduratzen da udal-langileen prebentzioaz— : gaur goizean, asteartea, egin ditu neurketak, eta emaitzak onak izan dira", Udaletik berri eman dutenez.
Horrekin batera, "Udaleko hirigintza buruak irekitzearen aldeko txostena egin du", Udaletik jakinarazi dutenez.
Ondorioz, aipatu moduan, partzialki ireki egingo dute Oiardo kiroldegia, asteazken honetan, irailaren 3an. Suteak gutxien kaltetutako eremuak izango dira berriro irekiko dituztenak; "pista, gimnasioa, tatamia, kanpoko zelaia, rokodromoa, squasha eta, oro har, lehorreko ikastaroetarako erabiliko diren aretoak. Beheko solairuko aldagelak erabiltzeko aukera izango da", Udaletik zehaztu dutenez.
Aldiz, "gainerako eremuak birgaitzeko lanean jarraituko da, kiroldegia erabat erabilgarri egon dadin ahalik eta azkarren, baina gehien eragindako eremuak birgaitzeak luze joko du", aurreikusi du Udalak.
Suteak hain zuzen gehien kaltetutako eremua izan zen sauna eta igerilekukoa. Ezin dira erabili. Horregatik, erabiltzeko moduan izan arte, "ez da uretako ikastarorik eskainiko", ohartarazi du gaur Udalak.
Beraz, abuztuaren 20tik zabalik zen uretako ikastaroetan izen emateko epealdia eten egin du Udalak. Etenda segiko du, ahalik eta igerilekuko eremua berriz erabiltzeko moduan izan arte. "Orain arte izena eman dutenen zerrenda gorde, eta berriz irekiko da epea, ikastaroak egiteko baldintza egokiak daudenean", aurreikusi dute Udaletik. Horiez gain, aretoko ikastaroetan izena emateko epealdia zabalik zen eta hala segiko du, iragarri moduan, irailaren 10era arte.
Alternatiba
Udalak egunotan gogorarazi bezala, igerilekuak itxita segi artean, "Buruntzaldeko zein Kirol Txartela Mugiment sareko kiroldegiak erabiltzeko aukeraz gain, haietakoren bateko ikastaroetan izena emateko aukera ere badago. Lasarte-Oriako kiroldegiaren kasuan, irailaren 10era arte dago irekita izena emateko epea; Andoainen kasuan, izen-ematea itxita badago ere, hutsik gelditutako plazak betetzeko aukera dago oraindik ere".
Ikastaroak
Gogoan izan, abuztuaren 20az geroztik zabalik du Oiardo kiroldegiak 2025-26 denboraldirako prestaturiko ikastaroen eskaintzan izena emateko epealdia.
Aipatu moduan, batetik uretako jarduerak daude, horietan izena emateko epealdia eten du Udalak. Bestalde, aretoetako jarduerak antolatu ditu 16 urte artekoentzat (zumba, eskalada, igeriketa eta spinning-a uztarturiko ikastaroa, gazte entrenamendu funtzionala eta gimnasioa), 16 urtetik gorakoentzat (spinning, pilates, 3. adina, mantenu gimnasia, zumba, hiit, hipopilates, hipopresiboak, spinning eta tonifikazioa edota spinning eta igeriketa uztarturiko ikastaroak, yoga, jarduera fisiko egokitua, eskalada edota total training) eta 16 urtetik gorako emakumeei zuzendurikoak (pilates eta ur jarduerak haurdunentzat, erditze ondorengoa edota oinarriko indar entrenamendua).
Kiroldegitik ohartarazi dutenez, "ikastaro jakin batean izena emandako pertsona kopuruak eskainitako gehieneko plaza kopurua gaindituz gero", zenbait irizpide aplikatuko dituzte. Batetik, "zozketa bidez erabakiko da nola beteko diren ikastaroko plazak". Zozketa horretan, usurbildarrek izango dute lehentasuna eta haien artean zozketatuko dira plazak. Azkenik, "usurbildarrek plaza lortu ostean, plazak soberan geldituko balira, beste herrietako pertsonen artean zozketatuko dira".
Aretoko ikastaroetan izena emateko aukera izango da irailaren 10era arte, esteka honen bidez: https://forms.gle/fUZjmivdMYzUEej58
Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: kirola@usurbil.eushelbidean edo 943 372 498 telefono zenbakian.
Ohiko ordutegian
Uztailean eta abuztuan udako ordutegian ireki ostean, ohiko ordutegian zabaldu behar zuten irailaren 1ean Oiardo kiroldegia. Iragan asteko sutea tarteko, ordea, asteazkenean, hilaren 3an zabalduko dute:
Lanegunak: 07:00-22:00 (igerilekua 21:45).
Larunbat, igande eta jai egunak: 09:00-21:30 (igerilekua 21:15).
Informazio gehiagorako:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
bpxport.es
Facebook: @oiardokiroldegia
Twitter: @oiardokiroldegi