Delirium Tremens Usurbilen

"Agur bira honetan... sorpresak daude"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 3a, 10:51

Txiskeroak herriko talde gaztearekin batera eskainiko du Delirium Tremens taldeak azken kontzertuetako bat irailaren 5ean Usurbilen.

Bi egun baino ez, itzulera kontzertua emandako herrira itzuli eta agurreko emanaldia eskaintzeko. Ostiral honetan, irailaren 5ean, Delirium Tremens taldeak bere agur biraren baitan Mikel Laboa plazan izango dira, herriko Txiskeroak taldekoekin batera.

Izatez, dagoeneko Bilbon, Santo Domingo de la Calzadan, Lakuntzan, Zarautzen, Ondarroan agurtu dira jada zaletuengandik. Asteazken honetan, irailaren 3an Lekeition dute finkatua hurrengo hitzordua, Ugaon hilaren 12an eta, azkenik, hasi bezala Bilbon (Santana 27 aretoan) amaituko du antolatua duen agur bira Delirium Tremens taldeak. Bertan eskainiko du azken kontzertua udazken honetan.

Tartean, ordea, beste geltoki bat txertatu du taldeak asteotan, agur bira horretan; kartel ofizialean ageri ez zen arren, ezustean, 2022ko maiatzeko Sagardo Egunaren bezperan Txokoaldeko Akerra gaztetxearen atarian itzulerako emanaldia eskaini bezalaxe, oraingo honetan ere Usurbil hautatu du taldeak baita haien agurreko emanaldien ziklorako.

Aipatu moduan, irailaren 5ean, izango da, hau da, ostiral honetan, Mikel Laboa plazan, arratsaldeko 20:00etan. Hitzordua girotzeko, Txiskeroak herriko talde gazteak eskainiko du aurretik kontzertua. Gero, aipatu moduan, Delirium Tremens taldekoak azken aldiz zuzenean ikusi eta entzuteko azken aukera izango dute usurbildarrek.

Egunotan, albiste honetan beherago duzuen kartelarekin iragarri dute, orain arte isilpean zuten kontzertua. "Agur bira honetan... sorpresak daude", berri eman dute sare sozialen bidez. "Ez gara isil-isilik agurtuko...", gaineratu. Festa gogoz datozela iragarri dute.

Itzuleraren amaiera
Azkenekoz, iaz, Aitzaga elkartearen 30. urtemugako jaialdian ikusi eta entzun genituen Delirium Tremens taldekoak. Taldekideen artean, Haritz Harreguy usurbildarra dago.

"Euskal rockaren bigarren kolpearekin batera" 1985ean sortu zuten taldea Andoni Basterretxeak (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu-k (bateria) eta Javier Bilbatua Billy-k (baxua). Geroago, Iñigo Muguruza batu zen taldera. Hainbat maketa grabatu ostean, bi urte geroago plazaratu zuen "Hemen denak berdinak dira" Zarrapo taldearekin partekatutako estreinako sorkuntza lana. 1991n eskaini zuten azken kontzertua.

30 urte geroago, 2021eko azaroan itzuliko zirela iragarri zuten. 2022ko maiatzaren 31rako finkatu zuten itzulera hitzordua BEC-en, baina ezustean, Txokoaldeko Akerran eskaini zuten itzulerako lehen emanaldia, urte hartako Sagardo Egunaren bezperan.

"Hordago" diskoarekin itzuli ziren duela hiru urte, "... ta Nora?" argitaratu zuten iaz. Aurten, azken kontzertu sorta eskaintzea erabaki dute kuttunak dituzten plazetan; tartean, irailaren 5ean, Usurbilgoan.

Delirium Tremens taldearen agurreko kontzertua
Irailak 5, ostirala
19:00 Txiskeroak.
20:00 Delirium Tremens.

Tokia: Mikel Laboa plaza.