Irailean sartzearekin batera, egunerokotasunera itzultzen hasiak gara, baina uda parteko ospakizunak ez dira amaitu ez Usurbilen, ezta inguruetan ere. Horien adibide ditugu hurrengo egunotan udalerri honen inguruan izango ditugun hainbat hitzordu; tartean dira, Donostian datozen bi igandeotan izango dira estropadak edota Zarauzko Euskal Jaiak.
Hitzordu horietara joateko tren zerbitzu bereziak antolatu ditu EuskoTrenek. Kontxako Banderari lotutako bi jardunaldietara joateko "Euskotrenek irailaren 7an eta 14an Zumaiako eta Amarako geltokien artean ohiko trenen zerbitzua indartuko du", berri eman dute. Ondorioz, "E1 lineako igandeetako ohiko maiztasuna hainbat zirkulazio berezirekin osatuko da", eman du aditzera Euskotrenek. Zehazkiago esanda, Usurbildik orduotan igaroko da trena irailaren 7an eta 14an, Gipuzkoako hiribururantz: 8:24, 8:54, 9:24, 9:36, 9:54, 10:24, 10:36, 10:54, 11:24.
Bestalde, Zarauzko Euskal Jaien egun handia, ohi bezala, irailaren 9an ospatuko dute. Asteartez egokitu da aurten. Jaialdi horren harira, gaueko tren zerbitzua eskainiko du EuskoTrenek, Zumaia eta Donostia artean. "Guztira gaueko 17 tren ibiliko dira, 8 Zumaiatik, 7 Amaratik (Donostia) eta 2 Zarautzetik (Zumaia)", irtengo direnak. Ondorioz, ezohikoa izango den arren astearte gau batez tren zerbitzua izatea, hala izango da, hilaren 9tik 10erako tarte horretan.
Gau horretan, beraz, Usurbildik Zarautz alderako 22:04ko ohiko azken tren zerbitzuaren ondotik, orduotan izango da gaueko tren zerbitzua aipatu kostaldeko udalerri horretarantz: 23:34, 00:04, 00:34, 01:04, 02:04, 03:04, 04:04, 06:04. Hortik aurrera, ohiko tren zerbitzua eskaintzen segiko dute.
Zarauztik Usurbila itzultzeko ere tren zerbitzua izango da noski gau parte horretan, orduotan: 00:08, 00:38, 01:08, 01:38, 02:38, 03:38, 04:38, 5:11, 6:08. 16 minutuko tartean egin ohi du tren zerbitzu honek Zarautz eta Usurbil aldeko bidaia. Usurbila iritsiko diren tren horiek gero Donostiako Amara auzoraino helduko dira; astearte gau horretan, beraz, Donostiatik Zumaiaraino bidaiatu ahalko da.
Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
944 333 333
Tren geltokian
euskotren.eus