"Gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun etxebizitzetako ordenantzaren aldaketari" hasierako onespena eman zion udalbatzak aho batez, iragan martxoa amaierako osoko bilkuran. Jendaurrean jarri zuten gero. Tarte horretan erreklamaziorik egon ez zenez, behin betiko onartutzat jo du Usurbilgo Udalak, ostegun honetako, irailaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez. Ordenantza horri lotutako xehetasunak bertan aurki ditzakezue.
Araudi hau jatorriz, 1990. urtekoa da. Etxebizitza hauen helburua "egoera kritikoei erantzun nahi dien aldi baterako larrialdiko harrera zerbitzua arautzea da". Egoera kritikoen kontzeptua nolabait zabaldu egingo du aldaketa honekin. Izan ere, garai batean hondamendi egoerei lotua zegoen. Aurrerantzean ere hala segiko du. " "Hondamendiak, suteak, uholdeak eta bizikidetza unitatearen egoitzatzat erabiltzen den eraikina erabilezin bihurtzen duten antzeko fenomenoak" aintzakotzat hartuko ditu ordenantza berrituak.
Horrez gain, egoera berezi gehiago tarteko, geroz eta gehiago dira larrialdi egoera horretan izaten direnak. Araudiak izendatuak ditu bestelako egoera horiek; besteak beste, indarkeria matxistak, familia arazo larriak eraginda etxetik berehala atera behar izatea edota etxegabetze kasuak ere aintzakotzat hartzen ditu, baina udal gobernu taldetik martxoa amaierako osoko bilkura hartan zehaztu zutenez, kasu horretan, "epaitegi eskaera bat egon behar du".
Udalak jabetzan dituen bi etxebizitza bideratuko dira, larrialdi egoera hauetara; batetik, Santueneko bizilekuetako bat eta baita "Maixu-etxe" izenez ezaguna zaigun Udarregi ikastola ondoko eraikineko beste pisuetako bat ere. Egoera horretan direnek lau hilabetez baliatu ahalko dituzte etxebizitza hauek, beste lau hilabetez luzatu ahalko da epealdi hori. "Gastu arruntak (ura, argindarra eta abar) esleipendunek ordaindu beharko dituzte, baina ez zaie alokairurik kobratuko".