2025-26

Agerialdera lekuz aldaturiko haur eskola zabalik gaurtik

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 5a, 09:22

Argazkiak: Usurbilgo Udala.

2025-26 ikasturteari Agerialden ekin diote haur eskolako erabiltzaileek.

2025-26 ikasturte berria abiaraztera doa ikastetxeetan. Zubieta Lanbide Eskolan asteazken honetan ekin diote aurkezpen saioekin sasoi berriari. Hurrengo astean zehar, Udarregi ikastolako ia ziklo guztien eta Aginagako zein Zubietako eskolen txanda izango da.

Aldez aurretik, ostiral honetan, irailaren 5ean, haur eskolarena. Gaurkoa dute haurrek lehen eguna, baina ez Kalezarko orain arteko eraikinean, Usurbilgo Udalak uztailean jakitera eman moduan, Agerialden baizik. Izan ere, Udarregi ikastolaren eraikinean eskainiko da zerbitzu hau ikasturte berri honetan, behin-behinean. Gogoan izan, Kalezarko eraikina eraberritzera doa Udala.

Ondorioz, eraberrikuntza lan horiek amaitu artean, Agerialden eskainiko da haur eskola zerbitzua. Horretarako, leku aldaketa honetarako, "espazioa egokitzen aritu da udal-brigada udaberriaz geroztik".

Orain arte eginiko lan hauetan, "Agerialdeko eremuan aparkalekuak egokitu dira: maisu etxearen aurrealdean hiru, eta Arratzain bideko aldapan zortzi aparkaleku arrunt eta egokitutako beste bat. Azken hori izan ezik, gainerakoak 15 minutukoak izango dira, eskola egun eta orduetan, haurren sartu-irtenak errazteko".

Hala, Udaletik zehaztu dutenez, "2-3 urtekoen gela beheko solairuan kokatu da, eta 0-1 eta 1-2 urtekoena, goikoan. 2-3 urtekoen gela Agerialdeko eraikinean geldituko da behin betiko, eta 0-1 eta 1-2koena, berriz, Kalezarrera itzuliko da, eraikina birgaitzeko lanak egin ostean".

Zereginotara 100.000 euro inguru bideratu dituzte. "Ikastolak zati bat bere gain hartu du, 2-3 urtekoen gelagatik. Kalezarko proiektua egokitutakoan jakingo da zenbat diru bideratu beharko den".