2025-26

Denboraldi berrirako osaturiko taldeak aurkeztuko ditu Usurbil K.E.-k larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 5a, 09:09

Eskubaloi taldeen bilguneak osatuak dituen taldeak eta zuzendaritza berritua aurkezteko baliatuko du larunbaterako, irailaren 6rako 11:30etan Sutegin antolaturiko ekitaldia.

2025-26 denboraldia abiatzera doa askorentzat, bizitzako esparru bat baino gehiagotan; horien artean, herriko kirol taldeak ere sasoi berrian murgiltzera doaz. Abiapuntu desberdina izango du, ordea, aurtengoak Usurbil Kirol Elkartearentzat. Izan ere, eskubaloi taldeen bilguneak jendaurreko aurkezpen ekitaldia antolatu du larunbat honetan, irailaren 6an (larunbata) goizeko 11:30etan Sutegin.

Hitzordua, batetik, Usurbil K.E.-ren baitako taldeak ezagutarazteko baliatuko dute. "Talde bakoitzeko jokalariak banan-bana aurkezteaz gain, taldeetako teknikariek ere aukera izango dute hitz batzuk helarazteko bertaratuei", iragarri dute eskubaloi taldeen bilgunetik.

Mezu gehiagori ere tartea egingo diete. Izan ere, "erakundeetako ordezkariek (Gipuzkoako Foru Aldundia, Usurbilgo Udala, eta Euskal zein Gipuzkoako Federazioak) zein Kirol Elkarteko babesle nagusiek tartetxo bat izango dute bertaratuei euren mezuak helarazteko".

Tarte horretan zehar, ezustekorik ere izan daitekeela iragarri du Usurbil K.E.-k. "Sorpresaren bat ere egon liteke agian. Agian ezusteko sariren bat jaso lezake norbaitek. Nor izango ote? Zergatik?", hori larunbateko ekitaldian argituko dute.

Horrez gain, eskubaloi taldeekin batera, berritu duten zuzendaritza taldea ere aurkeztu asmo dute hitzordu berean.

Horrez gain, denboraldi hasierako bi neurketa jokatuko ditu Usurbil K.E.-k. Hemen dituzue xehetasunak:


Usurbil K.E.-ren denboraldi hasiera
Irailak 6, larunbata
11:30 Usurbil K.E.-ren 2025-26 denboraldiko aurkezpena Sutegin.
18:30
Senior mutilak, Euskal Liga Irungo Artalekun: Hondarribi Bidasoa Irun-Saizar Usurbil K.E.

Irailak 7, igandea
12:30 Kadete neskak, aurredenboraldia, Zumaiako Lubakin: Pulpo Eskubaloia - BILAGUN Usurbil K.E.