Beroagatik abisu horian larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025eko irailaren 5a

Beroagatik eta baso sute arriskuagatik larunbatean abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Egunez soilik ez, gutxitan bezala, larunbat gau osoan ere 25-27 gradu arteko tenperatura izango dugula iragarri dute.

Abisu horian izango gara larunbat honetan, irailaren 6an. Hala ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Kolore horretako bi abisu izango dira indarrean bihar; batetik, "muturreko" tenperatura oso altuagatik, 12:00-20:00 artean. "Tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri barnealdean", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Larunbat arratsaldeko 20:00ak arte ezarri dute abisu horia, baina aipatu meteorologia agentziak jakinarazi duenez, "larunbat gauean eta igande goizaldean hegoaldeko haizeak zakar jarraituko du jotzen, ondorioz baliteke tenperatura 20-25 ºC-tik ez jaistea Kantauri isurialdean".

Horrekin batera, baso sute arriskuagatik ere abisu horian izango gara larunbat osoan zehar. "Baso-sute arriskua altua da, bereziki Kantauri isurialdean hegoaldeko haizearen intentsitateagatik eta tenperatura altuagatik. Igande goizaldean baso-sute arriskuak nahiko altua izaten jarraituko du hegoaldeko haizearen intentsitateagatik", berri eman du Euskalmet-ek.

Usurbilen, larunbatean 31 gradu inguruko tenperatura izango dugula iragartzen ari dira, baina adi larunbat gauari; 25-27 gradu artean joango zaigu Euskalmet-en arabera larunbatetik iganderako gaua.

Informazio gehiago, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.