Usurbil K.E., denboraldi berria

Zazpi talde eta eskubaloi eskola, Usurbilgo eskubaloia goratzeko

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 6a, 17:11

Usurbil Kirol Elkarteak 2025-26 denboraldirako osatu dituen taldeak aurkeztu ditu larunbat honetan, irailaren 6an Sutegin.

 

2025-26 denboraldiko erronkei heltzeko prest da Usurbil Kirol Elkartea. Iragarria zuen moduan, eskubaloi taldeen bilguneak larunbat honetan, irailaren 6an egin du Sutegin, kirol urte berriaren aurkezpena.

Denera zazpi talde osatu ditu. Haien ordezkaritza zabala izan da gaurkoan kultur-etxeko auditorioan. Talde hauetako guztiotako entrenatzaile eta kapitainek eman dituzte xehetasunak Usurbil K.E.-k antolatu eta klubeko kideekin batera, erakundeetako ordezkariak erakarri dituen hitzorduaren baitan.

Jubenil mutilak
Taldeko entrenatzaile Julen Nazabalek berri eman duenez, iazko hamaikakotik hamabost izatera igaro dira jubenil mutilen taldean. Ekin berri diote 2025-26 denboraldiari, "motibazio handiarekin. Gogotsu hartu dute aurredenboraldia. Denboraldia ere espero dut baietz". Finaleraino heltzea gustatuko litzaiekeen arren, taldearen helburu nagusia, "entrenamendu saioetara konpromiso eta motibazio berarekin etortzea da, hamabost jokalariak gustura izatea, denek minutuak jokatzea, denok eskubaloiaz gozatzea". 

Prestakuntza lanetan bakarrik ariko da Nazabal. Horren harira, laguntzarako deia egin du. "Pertsona bat behar dut. Berari erakusteko prest nago, bera ere niri erakusteko prest izan dadila".

Taldeko lehen kapitain Enaitz Manterolak taldeak duen erronka nagusia "jarrera berarekin jarraitzea da. Aurreko urtean, egia esan, gorabehera asko izan genituen. Ez zen izan hasierako jarrera bera bukaerakoa. Horri heldu behar zaio; denboraldi hasierako jarrera eta motibazioa bukaeran mantentzeari".

Jubenil neskak
Talde honentzat, helburu nagusia, "inguru seguru eta giro naturalean kirola eginez oso ondo pasatzea" izango da. "Hori da guk lortu nahi duguna eta konpromisoa, lana, lana eta lana", Arantza Kaminorekin batera, entrenatzaile lanetan jardungo duen Andoni Floresek Sutegiko ekitaldian nabarmendu duenez.

Jakinarazi duenez, kosta zaie taldea osatzea, "hamar jokalari lortu ditugu, seniorrak beste 10 dira". Bi taldeok elkarrekin entrenatzea adostu dute, zuzendaritzarekin hitz egin ostean, hartara, "goiko mailatik hasi eta behera segita jolasteko era bera izateko eta talde batak besteari elkar laguntzeko; seniorrak jubenilei, jubenilek seniorrei. Kadeteekin ere hitz egin da gu laguntzeko ere".

Kadete neskak "B"
Oinarria lantzea izango du helburu nagusi nesken talde honek, Xabier Ikutza eta Hamadi Dah Ould entrenatzaileen esanetan. "Baina batez ere, helburu nagusitzat izango dugu inor ez egotea deseroso, aurrera begira denek segitzea".

Senior mutilak
Dakizuenez, udaberrian eskuratu zuen talde honek lehen nazional mailara igotzea. Kategoria berri horretan lehiatuko dira, beraz, datozen hilabeteotan. Taldeak, gainera, entrenatzaile berria du; Aitor Santos. Jokalariekin batera izan da Usurbil K.E.-ren gaurko aurkezpen ekitaldian. "Zuzendaritzak telefonoz deitu zidan. Lezoko Munttarpe utzi behar nuenez, baiezkoa eman nuen". Usurbilgo taldea "oso jatorra eta oso batua dago", nabarmendu du.

Datozen hilabeteei begira, "denboraldia ona izatea espero dut, kategoria mantentzea, pixkanaka klub osoari lagunduz Usurbil izatea garai batean zena, Usurbil izatea duela urte asko zena, non talde askoz gehiago zituen, Euskal Ligan zeuden... hori da lortu beharko litzatekeena". Horretarako, ordea, argi du; "hori, lana, orduak eta orduak dira, klub barruan eta kanpotik. Denoi ondo joatea espero dut", desio izan die talde guztiei.

Eskubaloia eta, oro har, kirol jardueren balioak defendatu ditu; "kirola soziala da, konpromisozkoa, errespetuzkoa, berdintasunezkoa". 

Taldeko kapitain Hamadi Dah Ouldek adierazi du, taldearen erronka mailari eustea izango dela eta alde horretatik, erreferente izatea belaunaldi gazteenarentzat, eta horrekin batera, kiroldegia ere zaletuz betetzea. "Gu txikiak ginenean, joaten ginen astebururo kiroldegira. Arratsalde osoa pasatzen genuen bertan, neskak eta senior mutilak ikusten eta oso giro polita zegoen. Horrek ekartzen zuen jendea eskubaloian izen ematera". Gogorarazi duenez, "guk denok hala bukatu genuen eskubaloian jokatzen, goian zeudelako neskak, mutilak". Ildo beretik, "guk hori nahi dugu transmititu behintzat. Urte batzuk barru, kiroldegian giro hori izatea eta jende gehiago aritzea eskubaloian".

Eskubaloi eskola
Hala da, Usurbil K.E.-k eskubaloi eskola abiarazi du estreinakoz denboraldi honetan. Hogei gaztetxok parte hartuko dute. "Nahiko jende izango gara entrenatzen", adierazi du Julene Herrador entrenatzaileak.  Hurrengo hilabeteotarako "gure helburu nagusia izango da, eskubaloi eskolataz gozatzea, batez ere oinarrizko arauak ikasita bukatzea".

Libe Garcia de Eulate prestatzaileak gaztetxoak entrenatzera deitu ditu. "Edozein akats ikasten joango gara denboraldian zehar. Lagunekin etorri, kirola egiten eta talde lanean gozatuko dugu", iragarri dute.

Kadete neskak
Asko dira, Manex Irazabalek eta Iker Nazabalek zuzenduriko taldean. "Horrek gu bioi aurrera eramaten gaitu, poza ere bai, jende asko garelako. Nahi duguna da Xabatek guri erakutsitakoa transmititu eta guk ikasitakoa haiei irakatsi", adierazi du Nazabalek. Taldeko kapitain Maddi Orbegozoren esanetan, "ondo pasatzen saiatzen gara, elkar animatzen".

Senior neskak
Jubenil neskekin batera entrenatuko du Jose Lorenzo Manzanok zuzenduriko taldeak. "Denbora asko darama, pila bat daki, asko ikasiko dugu, denok ikasiko dugu eta berak dioen moduan, jarrera onarekin eta lanarekin helburuak, emaitzak etorriko dira", adierazi du jubenil nesken entrenatzaile Andoni Floresek.

Jokalari faltan ziren senior neskak. Egoera horrekiko kezka bazuten, baina jakinarazi dutenez, "Urnietakoak etorri dira". Elkarri lagundu eta ondo pasatzea dute erronka nagusi hurrengo hilabeteotan eta "ahal badugu, zerbait gehiago lortzen saiatzea gutxienez".

Kadete mutilak
"Aurten, mutilak egurra egokitzen da", adierazi du taldeko entrenatzaile Jon Aizpuruak. Aurreikusi duenez, "seguru ondo pasako dugula. Irabazteko lan asko egin beharra dago", ordea. Taldeko kapitainaren esanetan, "giro ona mantentzeko berdin jarraitu" asmo dute; "denok batera ibiliz, giro ona beti egon baita". Jada, dutenarekin "aurrera egitea" izango dute xede.