Denboraldi berriari zuzendaritza talde berrituarekin ekingo dio Usurbil Kirol Elkarteak. Gaur aurkeztu du eskubaloi taldeen bilguneak, Sutegiko auditorioan eginiko ekitaldian. Herrikideok osatuko dute: Jon Loidik, Julen Nazabalek, Jon Aizpuruak, Leire Unanuek, Maialen Saizarrek, Saioa Iparragirrek, Josu Garmendiak, Julen Begiristainek, Dani Iturbek eta Imanol Zalduak.
Kideotako batek, Jon Loidik adierazi duenez, "lana ondo banatu" asmo dute talde barruan, horixe dute erronka nagusia eta; "pertsona batek ez kontzentratzea lan gehiegi, ardurak ondo banatzea", jendeak bertan segi ahal dezan. Alegia, "denontzat asimilagarria den lan zama izatea", hartara, "gure ondoren etorriko direnei ere marko on bat utzi diezaiegun kluba zuzendu eta administratzeko".
Ekitaldiko aurkezle lanak ere egin ditu Loidik. Sutegiko hitzordura gonbidatutako Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioa ordezkatu duten kideei emandako babesagatik eskerrak helarazi dizkie; ez soilik babes ekonomikoagatik, baita moralagatik ere, "askotan garrantzitsuagoa dena".
Babesleak ere eskertu nahi izan ditu Usurbilgo eskubaloiari eginiko ekarpenagatik, eta, azkenik, "zuei denoi, jokalariei eta entrenatzaileei eskerrak ere". EHU-ren aldarria baliatuz, adierazi die, "zuek ere ahal duzuen onena eman eta zabaldu".