Usurbil K.E., denboraldi berria

"Klubak sortu eta handitzea, hori da gure helburua"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 6a, 16:47

Hala adierazi du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko ordezkari Imanol Goikoetxeak, Usurbil K.E.-ren gaurko denboraldi berriaren aurkezpenean.

Usurbil Kirol Elkarteak larunbat honetan, irailaren 6an, 2025-26 denboraldia aurkeztu du Sutegin. Bertan izan dira erakunde ezberdinetako ordezkariak; tartean, Gipuzkoako Eskubaloi Federaziokoak. Haien izenean hartu du hitza, ekitaldian zehar, Imanol Goikoetxeak.

Pozarren agertu da Usurbil K.E.-k ekitaldira gonbidatu duelako. Eskubaloi taldeen bilgunea ahal bezainbeste laguntzeko prest agertu da. "Gu familia modukoa gara eta hainbat klub daude Gipuzkoan. Denei kasu egin behar zaie", gogorarazi du. 

Bere esanetan, "federazio aldetik niretzako garrantzitsua da, bultzada ematea eta beti aurrera jotzea". Horregatik zioenez, "oso polita da hemen hainbeste jende ikustea". Halere, erronka beti handitzea izan behar duela dio. "Hurrengo urtean, hamar edo gehiago izatea, hori da gure helburua klub guztietan".

"Denok familia bat izan behar dugu"
Bere eremutik argi utzi nahi izan du; "klubak ez dira inoiz etsaiak eta arerioak elkarrekiko ezta federazioarekiko ere. Denok familia bat izan behar dugu. Aldameneko herrian beste klub bat sortzen bada, txalo beti, hori ez da gure etsaia. Geroz eta klub gehiago izan behar ditugu eskualdean, indar gehiago izateko".

Eskubaloitik kanpo "beste kirolak ere ez dira etsaiak izango baina guk nahi dugu jendea eskubaloira erakarri". Ildo horretan, gaineratu duenez, "klubak sortu eta handitzea, hori da helburua eta denon artean ondo eramatea".

Usurbil K.E.-ri eskatu dionez, "ilusio hori mantendu, ez galdu, hori da beharrezkoa. Nik uste dut ilusioz lan egiten baduzue, beti gora joango zarete".

Lehia handia dela, baina hori Usurbil K.E.-ri ezaguna zaiola ziurtatu du. "Hemen, badakizue zer den hori, gogorrak zarete. Nik frogatu izan dut, baina gero denok koordinatu behar dugu batera".