Eskertua eta ilusio bereziz agertu da jendaurrera Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbil K.E.-k gaur Sutegin eginiko denboraldi berriko aurkezpen ekitaldira. Sortzez Santuenekoa izanik bera, "maite dut eskubaloia. Eskubaloiak gure haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, familia eta lagun harremanak markatu ditu. Eskubaloiak ere auzo oso baten paisaian, espazio publikoan eta aisialdi ereduan ere eragin du. Eta garrantzisuena dena, eskubaloia Santuenean auzo kohesiorako elementu giltzarria izan zen, harrotasuna izateko era bat. Auzo nortasunaren parte dela esango nuke oraindik ere, eta duela bi urte, esate baterako, eskubaloi zelaiaren eraldaketaren inguruan egin genuen auzo galdeketaren emaitzak horren lekuko da, eskubaloia auzoko oroimen kolektibo horretan iltzatuta jarraitzen du. Iragana da, ikusi dugu oraina ere badela eta etorkizuna izango den ez dakit".
Ondorioz, alkateak argi utzi duenez, "eskubaloia kirol praktika soila izatetik urrun, auzogintza izan da eta orain herrigintza ere bada".
Hitza hartu duen tartean, zuzendaritza talde berriari ongi etorria eman dio eta "euren lana eta konpromisoa ere eskertu" nahi izan du, baita 1963an kluba sortu zutenetik hona "aurreko urte luzeetan ere zeregin horretan edo beste batzuetan aritu" direnak ere eskertu ditu.
Eskertza mezua herriko gainerako kirol alorreko taldeei ere helarazi die alkateak. "Izan ere, zuen eta haien lanik gabe gure herrian ez genuke kirol eskaintzarik izango. Zuen lanak askotan ez du izaten gorazarre sonaturik, ez du izaten oihartzun mediatikorik, sarri askotan ere esker txarrekoa izaten da, baina nahiko nuke edonola ere zuen lana balioan jarri; zuen konpromisoa, gertutasuna, lantzen dituzuen balioak, hori baita Usurbilen marka".
Halere, kezka nabarmena agertu du, partidetan ikusten denarekin, "arbitroarekiko dauden jarrerekin. Hor ez klub bezala, herri bezala badugu zer landua", baita eremu horietako euskararen erabilerari dagokionean ere. Deia egin dio "federazioari eta beste klub askori euskararen erabileran" eragitera eta "batez ere, balioak" lantzera, nagusi den lehiakortasuna apaldu beharko litzatekeela iriztearekin batera.
"Inbertsio baliotsua"
Ekitaldi berean zen eta parte hartu du baita, udal gobernu taldeko kide ere baden, kirol arloko zinegotzi Xabat Beloki Segurolak. Haurtzarotik kirola egiteak mentalki, fisikoki nahiz eremu sozialean dakartzan onurak goraipatu ditu, hala egiaztatua dutela hainbat ikerketek; "esate baterako, jarduera fisikoak erraztu egiten du helburuak ezartzea eta trebetasun sozial eta emozionalak garatzea; hala nola, enpatia, talde lana eta gatazkak konpontzea".
Horrekin batera, "kirolari esker, haurrek lagun berriak egin eta beste pertsona batzuk ezagutu ditzakete, eta ez dut dudarik, kirola bitarteko garrantzisua dela inklusio eta aniztasuna sustatzeko, komunitateen arteko zubiak eraikitzeko".
EHBilduren udal gobernu taldeak ez du zalantzarik. "Argi dugu, haurtzaroan eta nerabezaroan kirola egitea sustatzea inbertsio baliotsua dela gure seme-alaben etorkizunean baina hori guztia herri proiektu orokorrago baten mesedetan kokatu behar dugula uste dugu eta hor badugu zer hausnartua, zer landua eta hori guztion artean egin nahiko nuke, klub guztiekin eta kirol eragile guztiekin".
Gonbidapen honen unea ekarri du gogora Belokik. "Eskola kirolaren inguruan atera den azken epaiak egoera ziurgabea eragiten du eta testinguru hau baliatu nahiko genuke horretarako, beraz, hortxe gonbidapena".
Horrekin batera, Usurbil Kirol Elkartetik klubak izan ditzakeen indartzeko eremuei buruz galdetu diote. Gurasoei inplikazio handiagoa eskatu die. Horrekin batera, jaiotze-tasaren murrizketak eragin dezakeenari begira jarri da; taldeak osatzeko zailtasun gehiago izango dira, eta horrekin batera, entrenatzaile falta ere bada. Horregatik, egungo jokalariak formatzen jarraitzera deitu ditu, "tituluak ateratzera, gero zuek jokalari zaudeten moduan, norbaitek egon beharko du entrenatzaile moduan. Asko kosta da denboraldiu honetan entrenatzaileak aurkitzea, hurrengo urteetan are gehiago kostako da", ohartarazi du.