Hilaren 14ra arte Euskal Jaiak ospatzen ari dira Donostian. Bestelako ekintzen artean, 38. Sagardo Eguna ospatu dute Gipuzkoako hiriburuan larunbat honetan, irailaren 6an. Gipuzkoako 31 sagardogileek parte hartu dute hitzordu horretan. Tartean, ez da falta izan herri ordezkaritzarik. Hiru izan dira bertan parte hartu duten sagardotegiak: Aginaga, Saizar eta Urdaira. Postu bana izan dute Donostiako Plaza Berriko jaigunean.
"Sagardoa kopan dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnak, aukera polita baita Donostiako Sagardo Eguna produktuaren inguruko aukera berriak eta kontsumitzeko ate berriak irekitzeko", antolakuntza lanetan aritutako Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen esanetan.
Lankidetzan aritu dira Euskal Sagardoaren Ibilbidearekin eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Donostiako Udala, Donostia Festak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
6.000 botila inguru zerbitzatu dituzte guztira. "Plazako dastatzeaz gain Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat ekintza bideratu ditu bertan, sagardogileen mendeetako ofizioa erakustera eman eta duen esanahia, sekretu ezezagunak eta balioa adierazi ahal izateko. Horren adibide da, esaterako, garai bateko eran sagardoa egitea. Sagarrak kizkia eta saskiarekin bildu, txikitu eta ondoren tolaren prentsatzea. Hala, plazaratu diren sagardozale guztiek 2025eko uztarekin egindako lehen muztioa dastatu ahal izan dute", antolatzaileen esanetan.
Sagardogileak omentzeko tartea ere hartu dute bertan, urteroko topa jendetsua egin aurretik. "2025ean 65 urte egin dituzten edota Sagardogintza lanak utzi dituzten Sagardogileak omendu ditugu: Juanjo Urruzola eta Begoña Etxabe (Elutxeta Sagardotegia), Jose Angel Gaztañaga eta Maria Angeles Garmendia (Gaztañaga Sagardotegia) eta aipamen berezia ateak itxi berri dituen Otsuenea sagardotegiko sendiari. Elkarteko lehendakari eta juntakideen eskutik jaso dute gure oroigarri kuttuna".