2025-26

Ikasturte berriaren harrera eguna gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 8a, 09:53

Abian da gaurtik 2025-26 ikasturtea ikastetxeetan.

Astelehena hizki larriz, gaurkoa etxe askotan. Gaurkoa, bereziki, ikasgelen itzulera eguna dugu. Goizeko 9:00ak aurretik, Udarregi ikastolak Agerialde eraikin atarian ateratako irudia duzue albiste honi atxikitakoa.

Amaitu zaie udako oporraldi luzea, giroak ere garai aldaketa heldu dela gogorarazi du. Ekainaz geroztik mugimendu gutxi zen inguruotan, haur eta gurasoen joan-etorriekin biziberritu dute astelehen honetan, Udarregi ikastolaren eremua. Gaur ekingo diote 2025-26 ikasturte berriari. Goizez lehenbizi, arratsaldeetako saioetara aurrerago itzuliko dira.

Lagunekin elkartu, ikasgelara itzuli eta egunerokoari berriz heltzeko unea dute gaurtik Udarregi ikastolan, baita Zubietako eta Aginagako eskoletan ere.

Zumarten arratsaldean
Arratsaldean, Zumarte Musika Eskolakoen txanda izango da. Iragarria zuten moduan, gaur ekingo diote 2025-26 ikasturte berriari. "Oporrak bukatu zaizkigu eta 2025-26 ikasturtea irailaren 8an, astelehena, hasiko dugu", berri eman dute Zumartetik. Ikasle guztiek ez dute gaur izango lehen klase eguna. Aste honetan, "klasea tokatzen zaizuen egunean", abiaraziko dute sasoi berria musika eskolan. "Musikarekin gozatzen segi!", egin diete gonbita Zumartekoek maiatza amaieran matrikulatu eta datozen hilabete hauetan ikasle izango dituenei.

Zumartekoen jardun urtearen egutegia zintzilikatu eta denentzako ikusgai jarri dute zumarte.eus atarian.

Haur eskola, Agerialden
Udarregi ikastolara itzulita, gogoan izan, irudiotan duzuen eraikinean kokatu dutela behin-behinean haur eskola, Kalezarko eremua berritu ahal izateko. Ostiralean itzuli ziren haurrak hain zuzen, aldi baterako eskola izango duten gune berrira.

Kalezarko eraikinaren eraberrikuntza lan horiek amaitu artean, Agerialden eskainiko da haur eskola zerbitzua. Horretarako, leku aldaketa honetarako, "espazioa egokitzen aritu da udal-brigada udaberriaz geroztik".

Orain arte eginiko lan hauetan, "Agerialdeko eremuan aparkalekuak egokitu dira: maisu etxearen aurrealdean hiru, eta Arratzain bideko aldapan zortzi aparkaleku arrunt eta egokitutako beste bat. Azken hori izan ezik, gainerakoak 15 minutukoak izango dira, eskola egun eta orduetan, haurren sartu-irtenak errazteko".

Hala, Udaletik zehaztu dutenez, "2-3 urtekoen gela beheko solairuan kokatu da, eta 0-1 eta 1-2 urtekoena, goikoan. 2-3 urtekoen gela Agerialdeko eraikinean geldituko da behin betiko, eta 0-1 eta 1-2koena, berriz, Kalezarrera itzuliko da, eraikina birgaitzeko lanak egin ostean".

Zereginotara 100.000 euro inguru bideratu dituzte. "Ikastolak zati bat bere gain hartu du, 2-3 urtekoen gelagatik. Kalezarko proiektua egokitutakoan jakingo da zenbat diru bideratu beharko den".