Zarauzko Euskal Jaiak tarteko, tren zerbitzuak etenik ez gaur gauean

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 9a, 09:21

EuskoTrenek zerbitzu bereziak eskainiko ditu asteartetik asteazkenerako gau osoan zehar, Zarauzko Euskal Jaiak tarteko.

Ekainaren 23az geroztik udako ordutegia indarrean izan ostean, "negukoa" abian du atzotik Euskotrenek. "Aldaketaren helburua ordutegiak eta maiztasunak batez ere hezkuntza- edo lan-arrazoiengatik dauden joan-etorrien beharretara egokitzea da", Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Saileko Sozietate Publikoaren arabera.

Gogoan izan, halere, zerbitzu bereziak eskainiko dituela Euskotrenek egunotan. Batetik, Zarauzko Euskal Jaien egun handia, ohi bezala, astearte honetan, irailaren 9an ospatuko dute. Jaialdi horren harira, gaueko tren zerbitzua eskainiko du EuskoTrenek, Zumaia eta Donostia artean. "Guztira gaueko 17 tren ibiliko dira, 8 Zumaiatik, 7 Amaratik (Donostia) eta 2 Zarautzetik (Zumaia)", irtengo direnak. Ondorioz, ezohikoa izango den arren astearte gau batez tren zerbitzua izatea, hala izango da, hilaren 9tik 10erako tarte horretan.

Gaur gauean, beraz, Usurbildik Zarautz alderako 22:04ko ohiko azken tren zerbitzuaren ondotik, orduotan izango da gaueko tren zerbitzua aipatu kostaldeko udalerri horretarantz: 23:34, 00:04, 00:34, 01:04, 02:04, 03:04, 04:04, 06:04. Hortik aurrera, ohiko tren zerbitzua eskaintzen segiko dute.

Zarauztik Usurbila itzultzeko ere tren zerbitzua izango da noski gau parte horretan, orduotan: 00:08, 00:38, 01:08, 01:38, 02:38, 03:38, 04:38, 5:11, 6:08. 16 minutuko tartean egin ohi du tren zerbitzu honek Zarautz eta Usurbil aldeko bidaia. Usurbila iritsiko diren tren horiek gero Donostiako Amara auzoraino helduko dira; astearte gau horretan, beraz, Donostiatik Zumaiaraino bidaiatu ahalko da.

Kontxara igandean
Bestalde, herenegun bezalaxe, Kontxako Banderaren irailaren 14ko bigarren eta azken jardunaldira joateko ere tren zerbitzu bereziak iragarri ditu. "Euskotrenek irailaren 7an eta 14an Zumaiako eta Amarako geltokien artean ohiko trenen zerbitzua indartuko du", berri eman dute. Ondorioz, "E1 lineako igandeetako ohiko maiztasuna hainbat zirkulazio berezirekin osatuko da", eman du aditzera Euskotrenek. Zehazkiago esanda, Usurbildik orduotan igaroko da trena irailaren 14an, Gipuzkoako hiribururantz: 8:24, 8:54, 9:24, 9:36, 9:54, 10:24, 10:36, 10:54, 11:24.

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
944 333 333
Tren geltokian
euskotren.eus