Eraso larria izan zen larunbatean Aranerrekan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, iluntzeko 21:00ak aldera, "gazte bat kalean oinez zihoan emakume bati dirua eskatzera hurbildu zen". Emakumeak ezezkoa eman zionean, gizona atzetik hurbildu zitzaion eta soka batekin lepoa inguratu eta itotzen saiatu zen, eta biak lurrera erori ziren. Gazteak emakumearen gerriko poltsa hartu eta korrika alde egin zuen. Biktima inguruko baserri batera joan zen laguntza eske, eta Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman zion".
Eraso larri horren ostean, "bertaratu ziren polizia-baliabideek biktima artatu eta lapurretari buruzko informazioa bildu zuten".
Biharamunean, igandean, Ertzaintzak berri eman duenez, "13:00ak aldera, ertzainak Usurbilgo borda abandonatu batera joan ziren, eta bertan bi gizon aurkitu zituzten. Miatu zutenean, biktimaren izenean zegoen kreditu-txartel bat eta indarkeria erabiliz lapurreta egin zuen pertsonaren jantzien ezaugarri bereko arropak aurkitu zituzten. Hasiera batean, ertzainek bi gizonak, 24 eta 27 urtekoak, atxilotu zituzten egindako delitu larriaren ikerketaren esparruan".
Ertzain-etxera eraman eta han "egiaztatu ahal izan zuten 24 urteko atxilotuak bakarrik parte hartu zuela gertakarian, eta bigarren atxilotua aske utzi zuten, beraz. Atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen".
Gaitzespena, babesa eta mobilizaziorako deia
Erasoa gertatu zen unetik Udala "harremanetan dago erasoa jasan duen herritarrarekin", Udalak kaleratu duen erakunde adierazpenaren arabera. EHBilduk, EAJk eta PSEk kaleratu duten testu adostuak dioenez, "babesa adierazi eta laguntza eskaini dio, udal-baliabideak bere eskura jarriz. Herritarra esker oneko azaldu da jaso dituen animo eta elkartasunezko mezuekin".
Eraso larri horren aurrean, "Udalak erabat gaitzesten du gertatutakoa, eta halako eraso eta jokabide bortitzek Usurbilen ez dutela lekurik nabarmendu" dute udalbatza osatzen duten hiru alderdiek. Gaineratu dutenez, "ez dugu horrelako pertsonarik ez jarrerarik onartzen gure herrian, ezta, oro har, bizikidetzaren aurkako edozein jokabide ere".
Arduraz jokatzeko deia egin dute. "Gertakariak herritarren artean ezinegona sortu duela jakitun gara, baina momentu zail eta ezohiko hauetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia egin nahi dugu, alarma soziala eragin dezaketen mezuak saihestuz eta inolako kolektiborik jo-puntuan jarri gabe", nabarmendu dute.
Aurrerantzean ere "herri abegitsu, seguru eta kohesionatuak eraikitzen jarraituko dugu".
Astearte honetarako mobilizatzeko deia egin dute. Erasotuari babesa agertzeko elkarretaratze isila deitu du Usurbilgo Udalak, irailaren 9an, 18:30etan udaletxe aurrean. Segidan duzue, Udalak kaleratu duen erakunde adierazpena osorik:
Udalaren adierazpena, larunbatean izandako eraso larriaren harira
Larunbat gauean, Usurbilen, Aranerreka inguruan, herritar batek jasandako eraso larri baten berri izan zuen udalak atzo goizean. Ertzaintzak udalari jakinarazi dionez, gizonezko bat bortitz oldartu zitzaion emakume bati, lapurreta egiteko asmotan, eta jipoitu egin zuen. Igande goizean bertan bi lagun atxilotu zituzten, herrian bertan, eta bietako bat aske utzi zuten, atzo arratsaldean, erasoarekin zerikusirik ez duelako; bestea, epailearen aurretik pasatu da gaur goizean, eta espetxeratze agindua ezarri diote hilketa saiakeragatik.
Gertakarion aurrean, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru alderdiek (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) honakoa adierazten dute:
• Udala, lehenengo unetik, harremanetan dago erasoa jasan duen herritarrarekin, eta babesa adierazi eta laguntza eskaini dio, udal-baliabideak bere eskura jarriz. Herritarra esker oneko azaldu da jaso dituen animo eta elkartasunezko mezuekin.
•
• Udalak erabat gaitzesten du gertatutakoa, eta halako eraso eta jokabide bortitzek Usurbilen ez dutela lekurik nabarmendu nahi dugu: ez dugu horrelako pertsonarik ez jarrerarik onartzen gure herrian, ezta, oro har, bizikidetzaren aurkako edozein jokabide ere.
•
• Gertakariak herritarren artean ezinegona sortu duela jakitun gara, baina momentu zail eta ezohiko hauetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia egin nahi dugu, alarma soziala eragin dezaketen mezuak saihestuz eta inolako kolektiborik jo-puntuan jarri gabe.
•
• Segurtasuna herri-eskubidea da: herritarrek beldurrik gabe, lasaitasunez eta inguruarekiko konfiantzaz bizitzeko eskubidea dute, eta Usurbilgo Udalak, orain arte bezala, ildo horretan lanean jarraituko du.
•
• Herri abegitsu, seguru eta kohesionatuak eraikitzen jarraituko dugu.
•
• Bihar, irailaren 9an, Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu elkarretaratzera: 18:30ean, udaletxeko Joxe Mari Sagardia plazan, 15 minutuko elkarretaratze isila egingo dugu herritarrari babesa adierazteko.