Eskubaloi selekzioetan parte hartzera deitu dituzte bi usurbildar

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 08:35

Euskal selekzioan eta estatuko selekzioan parte hartzera deitu dituzte Usurbilgo bi eskubaloi jokalari, Usurbil K.E.-tik NOAUA!ri aditzera eman diotenez.

Batetik, kadete mutilen euskal selekzioan parte hartzera deitu dute eskubaloi taldeen bilguneko kideetako bat; Manex Manterola Latienda. Hiru orduko entrenamendu saioa izango duela berri eman du Usurbil K.E.-k, irailaren 14an 15:45ean Getxoko Fadura kiroldegian.

Bestalde, duela bi denboraldira arte Usurbil K.E.-n parte hartutakoa, egun C.D. Bidasoako jokalari Aimar Iraeta Agirre irailaren 15etik 22ra Granadan, Sierra Nevadan egingo den teknifikazio saioan parte hartzera deitu dute. Bigarrenez parte hartuko du. Izan ere, Iraetak berak Usurbil K.E. bidez jakinarazi duenez, herriko eskubaloi taldeen bilgunean jokatzen zuen garaian ere deitu zuten halako hitzordu batera. "Altueran kokatutako errendimendu altuko zentroa da eta bertan bitan entrenatzen dugu, bi orduko saioak izaten dira. Horien artean, indarra lantzeko ariketak jartzen dizkigute eta baita ere hitzaldiak" izaten dituzte; psikologiari lotutakoak, elikaduraren ingurukoak edota saio tekniko eta taktikoak.

Hasi berria den 2025-26 denboraldi honetan, eskubaloian aritzera deitu du Iraetak. "Usurbilgo gazte jendeak eskubaloia probatu beharko luke, azkenean, hemen sortzen den lagun taldea ezinhobea da, kirol jarduera oso polita da".