Elkarretaratze jendetsua egin dute, larunbateko eraso larria salatu eta erasotua babesteko

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 10a, 07:21

Elkarretaratze jendetsua egin dute udaletxe atarian, larunbatean erasoturiko emakumeari babesa adierazi eta erasoa gaitzesteko.

Jendetza batu da astearte arratsalde honetan udaletxe atarian. 18:30ak jotzerako herritarrez inguratua zegoen Joxe Martin Sagardia plaza. Isilik baina ozenki salatu dute bertara joandako usurbildarrek larunbat iluntzean izandako eraso larria. Usurbilgo Udalak deituta, mobilizazio jendetsua egin berri dute. Ez da hitzik egon, ez adierazpenik. Salaketaren eta elkartasunaren isiltasun ozena baino ez.

Espetxeratua
Gogoan izan, eraso larria izan zen larunbat iluntzean Aranerrekan. Gizonezko batek bortizki jipoitu zuen emakume bat, lapurreta egiteko asmotan hurbildu ostean. Biharamunean, Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen. Haietako batek bezperako erasoan parte hartu zuela egiaztatu eta espetxeratze agindua ezarri zioten, bestea aske utzi zuten.

Eraso larri honen aurrean, aste hasiera honetan honako erakunde adierazpena adostu eta plazaratu dute udalbatza osatzen duten hiru eragile politikoek; EHBildu, EAJ eta PSE alderdiek hain zuzen. Hiru alderdiok dira astearte honetako elkarretaratzea deitu dutenak eta mobilizazioko parte hartzaileen artean zirenak.

Udalaren adierazpena, larunbatean izandako eraso larriaren harira 
Larunbat gauean, Usurbilen, Aranerreka inguruan, herritar batek jasandako eraso larri baten berri izan zuen udalak atzo goizean. Ertzaintzak udalari jakinarazi dionez, gizonezko bat bortitz oldartu zitzaion emakume bati, lapurreta egiteko asmotan, eta jipoitu egin zuen. Igande goizean bertan bi lagun atxilotu zituzten, herrian bertan, eta bietako bat aske utzi zuten, atzo arratsaldean, erasoarekin zerikusirik ez duelako; bestea, epailearen aurretik pasatu da gaur goizean, eta espetxeratze agindua ezarri diote hilketa saiakeragatik.

Gertakarion aurrean, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru alderdiek (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) honakoa adierazten dute:

 • Udala, lehenengo unetik, harremanetan dago erasoa jasan duen herritarrarekin, eta babesa adierazi eta laguntza eskaini dio, udal-baliabideak bere eskura jarriz. Herritarra esker oneko azaldu da jaso dituen animo eta elkartasunezko mezuekin.
 
 • Udalak erabat gaitzesten du gertatutakoa, eta halako eraso eta jokabide bortitzek Usurbilen ez dutela lekurik nabarmendu nahi dugu: ez dugu horrelako pertsonarik ez jarrerarik onartzen gure herrian, ezta, oro har, bizikidetzaren aurkako edozein jokabide ere.
 
 • Gertakariak herritarren artean ezinegona sortu duela jakitun gara, baina momentu zail eta ezohiko hauetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia egin nahi dugu, alarma soziala eragin dezaketen mezuak saihestuz eta inolako kolektiborik jo-puntuan jarri gabe.
 
 • Segurtasuna herri-eskubidea da: herritarrek beldurrik gabe, lasaitasunez eta inguruarekiko konfiantzaz bizitzeko eskubidea dute, eta Usurbilgo Udalak, orain arte bezala, ildo horretan lanean jarraituko du. 
 
 • Herri abegitsu, seguru eta kohesionatuak eraikitzen jarraituko dugu.
 
 • Bihar, irailaren 9an, Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu elkarretaratzera: 18:30ean, udaletxeko Joxe Mari Sagardia plazan, 15 minutuko elkarretaratze isila egingo dugu herritarrari babesa adierazteko.