EH-ko Pentsiodunen Mugimendua

Mobilizazioak, ehunka usurbildarrek babesturiko Herri Ekimen Legegilearen alde

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 10a, 11:37

"Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurtengo lehen seihilekoan sustaturiko Herri Ekimen Legegilea (HEL) izapidetzearen aurka agertu da Eusko Jaurlaritza. Erabaki horren aurrean, besteak beste, ehunka usurbildarrek babesturiko HEL-aren alde mobilizatzera deitu dute.

Udako etenaldiaren ostean, mobilizatzera itzulia da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Asteleheneroko elkarretaratze eta manifestazioetara bueltatu ziren herenegun, helburu nagusi batekin; aipatu herri mugimenduak aurtengo lehen seihilekoan "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" sustaturiko Herri Ekimen Legegilea defendatu asmoz.

Izan ere, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihurtzea" xede du HEL-ak eta bere bidez, "gutxieneko pentsioen osagarri bat ezartzen du, pentsiodun onuradunei bizi-baldintza duinak izatea ahalbidetuko dien nahikotasun-sarrerak bermatzeko".
Horretarako, sinadura bilketa bat bideratu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udalerrietan urteko lehen seihilekoan. Usurbilen, 524 atxikimendu bildu zituzten, 48.039 Gipuzkoan eta, orohar, 140.000tik gora eskuratu zituzten hiru herrialdeetan. 

Jasotako atxikimenduak Eusko Legebiltzarrean entregatu zituzten maiatzaren 15ean, pentsiodunen manifestazio batek lagunduta. Mobilizazioa, astebete lehenago Gipuzkoako sinadurak hedabideen aurrean aurkezteko Donostiako Bulebarrean eginiko prentsaurrekoan iragarri zuten. Orduko hartan, aipatu herri mugimendutik iragarri zutenez, "Autonomia Estatutuak Eusko Jaurlaritzari pentsioak osatzeko eskumen osoa aitortzen dio, eta hark orain txosten bat egin behar duenez, ulergaitza izango litzateke ezezko txostena egitea eskumen hori egikaritzea eragozteko".

Halere, Eusko Jaurlaritza Herri Ekimen Legegile hau izapidetzearen aurka agertu zen iragan astean. Erabaki hori salatzeko legebiltzar atarian agerraldia egin du egunotan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Aipatu moduan, "EAEko Gobernuak gutxieneko gure HELa izapidetzea onartzea eragozteko hartutako erabakia salatu dugu".

Eusko Jaurlaritzaren erabakia pentsiodunen mugimenduaren esanetan, "iseka da, jasotako 145.000 sinadurentzat, sindikatuentzat, ehunka erakunde sozial eta feministentzat eta gizarteko ia 300 pertsona garrantzitsurentzat".

Aipatu herri mugimenduaren esanetan, "pentsaezina da Legebiltzarraren ateak ixtea araugintza-baldintza guztiekin eta herritarrek legegintza-dinamikan parte har dezaten sustatzeko egindako ekimen bati".

Horregatik dei egiten diete "pertsona, pentsiodun, langile, gizon, gazte eta emakume guztiei EAEko Legebiltzarrean HELa eztabaidatzea eta bozkatzea eragozten duen erabaki horren aurka ager daitezen". Manifestazioak deitu dituzte irailaren 20rako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, "gobernuak bere jarrera berriz azter dezan eta HEL tramitera onartzearen alde egin dezan". Donostiako manifestazioa hilaren 20an egingo da aipatu moduan, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Bulebarretik. Horrez gain, astelehenero mobilizatzen segiko dute duela zazpi urte baino gehiagotatik egin ohi duten moduan; Usurbildik gertuen, Hernanin edota Donostian.



"Ez da beharrezkoa"
Eusko Jaurlaritzak berriki ezagutarazi zuen gai honi buruz duen ikuspegia. "Pentsioen osagarri bati buruzko Herri Ekimen Legegilea izapidetzearen aurka" agertu dela berri eman zuen eta erabaki hori helarazi diola Eusko Legebiltzarrari.

"Eusko Jaurlaritzak kontrako iritzia adierazi du Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) % 100era iritsiko litzatekeen pentsioen osagarri bat sortzea planteatzen duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) kontuan hartzeari dagokionez. Exekutiboaren ustez, proposamen hori ez da beharrezkoa, eta egungo Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren (DSBIESL) koherentziaren aurkakoa da, Eusko Legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartu berri baitu", Jaurlaritzatik diotenez.

Horrez gain, jakinarazi duenez, "neurriaren izaeragatik, estatuari dagokio pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta euskal sistemak, berriz, gizarte babesa asistentziatik bermatzen duela. Era berean, ohartarazi du HEL aplikatzeak euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko lukeela".

Ezezko hori modu honetan argudiatu du Gasteizko gobernuak. "Eusko Jaurlaritzaren jarreraren arrazoi nagusietako bat da pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta dagoela. 2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen ditu. 14/2022 Legeak estaldura horiek indartu zituen, zenbatekoak Europako pobrezia atalaseen gainetik jarriz eta pentsiodunak lehentasunezko kolektibo gisa onartuz".

Jaurlaritzaren esanetan, "egungo sistemak neurri espezifikoak ditu Eusko Jaurlaritzaren jarreraren arrazoi nagusietako bat da pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta dagoela. 2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen ditu. 14/2022 Legeak estaldura horiek indartu zituen, zenbatekoak Europako pobrezia atalaseen gainetik jarriz eta pentsiodunak lehentasunezko kolektibo gisa onartuz".

Indarrean den sistemak "bikoiztasunak eta desberdintasunak saihesten ditu HELaren proposamenaren aurrean. Izan ere, proposamen horrek pentsioak banaka osatzea planteatzen du, bizikidetza unitatearen diru sarrerak kontuan hartu gabe, eta premia ekonomikoaren azterketatik bereizita. Horrek gainjarpenak sortuko lituzke indarrean dauden prestazioekin, eta lehentasunezko tratua emango lioke kolektibo bati, beste talde zaurgarri batzuen kaltetan; hala nola, desgaitasunen bat duten pertsonen edo diru sarrera txikiak dituzten langileen kaltetan". 

Ondorioz, aipatutako guztiagatik "Eusko Jaurlaritzak uste du HEL ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin, ezta gizarte babeseko euskal ereduaren iraunkortasun, ekitate eta koherentzia printzipioekin ere. Eta gogorarazi du proposamenak ez dituela betetzen Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarritako baldintzak, aurrekontu kredituak handitzea dakarten ekimenei dagokienez".