Beterri-Buruntza

Euskara ikasteko ateak, zabalik

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 10:33

Ikasturte berriari ekitear dira Buruntzaldeko euskaltegiak: eskaintza zabala bermatu ez ezik, ikasketa-prozesua ekonomikoki babesteko aukera ere badakarte. Abian da matrikulazio-kanpaina.

Udako oporraldi epeletik lur hartu berritan, ikasturte berria hasi aurretik, amu ederra bota dute eskualdeko euskaltegiek. Urtero legez, euskaran trebatzeko aukera zabala bermatuko du aurten ere Buruntzaldeak, sei herrietan kokatutako zortzi euskaltegiekin: bina Lasarte-Orian nahiz Hernanin; bana, berriz, Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen.

Astelehenetik ostiralera, goizez zein arratsaldez. Bakoitzaren doinura zein neurrira egokitutako abaniko zabala eskaintzen dute AEK-k zein Udal Euskaltegiek. Hutsetik hasita, maila altuenetara bitarte, belarria fintzeko eta mihia zorrozteko aukera daukate herritarrek, izan aurrez aurreko klaseetan, izan autoikaskuntza modalitatean.

Ikasketa-prozesua samurtzeko asmoz, gainera, azken hilabeteetan, konpromiso handiagoa hartu du administrazioak, dirulaguntzen zenbatekoa biderkatu eta bidea ekonomikoki gehiago babesteko xedez: eskualdeari begira, nahiz eta herri batetik bestera kopurua aldatu, guztiek bermatzen dute gutxieneko laguntza ekonomikoa, baita, kasu batzuetan, matrikularen ehuneko ehuna berreskuratzeko aukera ziurtatu ere. Gainera, hainbat kolektibok dirulaguntza osoa edo zati bat aurreratzeko ere eskatu dezakete.

Hori horrela, eskualdeko udalek azken urteetan hartu duten erantzukizunaren ildo beretik doa Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, izan ere, haren eskutik bada eta ikasketen zati bat ordaintzerik, baldin eta ezarritako maila edota baliokidea eskuratzen badu ikasleak. Besteak beste, berrikuntzen artean, HABEk asmo berria iragarri du, irailetik aurrera: litekeena da A2 oinarrizko mailan izena ematen duen pertsona orok ia doan egin ahal izatea matrikula. 310 euro ordaintzetik 70 eurora igaroko litzateke, gutxi gorabehera.

Aukera zabala Beterri-Buruntzan
ANDOAIN
Andoaingo AEK
Plazaola, 2
943 591 704
andoain@aek.eus

LASARTE-ORIA
Muntteri AEK Euskaltegia
Geltoki kalea, 17 behean
607 625 233
lasarte@aek.eus

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia
Bekokale bidea, 1
943 361 621
euskaltegia@lasarte-oria.eus

HERNANI
Hernaniko AEK Larramendi, 11
607 592 864 / 688 746 640
Zilegi eskola:
663 043 314
hernani@aek.eus

Udal Euskaltegia
Karobieta, 63
943 331 896
euskaltegi@hernani.eus

USURBIL
Etumeta AEK Euskaltegia
Kale Nagusia, 43 behean
607 609 379
usurbil@aek.eus

ASTIGARRAGA
Astigarragako AEK
Kultur etxea. Nagusia, 48
607 610 687
astigarraga@aek.eus

URNIETA
Urnietako AEK
San Joan, 42 (Elkarteen etxea)
662 338 747
urnieta@aek.eus.

Euskara ikasteko dirulaguntzak
HABEk dirulaguntza lerro desberdinak dauzka une honetan: maila gainditu edo egiaztatu duten ikasleei dirulaguntzak: egiaztatutako mailaren araberako zenbatekoa.
• A1 maila: 600 euro.
• A2 maila: 800 euro.
• B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
• B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
• C1 maila, 1995ean edo ondoren jaiotako ikasleentzat: 700 euro.
• C1 maila, 1994an edo aurretik jaiotako ikasleentzat: 150 euro.
• C2 maila: 100 euro.
• A1 maila ikasten duten ikasleei diru-laguntzak: matrikula murriztua ordainduko dute, 0,60 euro orduko.
• C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak: matrikula murriztua ordainduko dute, 0,20 euro orduko.

Tokian tokiko administrazioaren laguntzak:
Araututa daude, eskualdeko udalerrietan, euskara ikasteko laguntza-lerroak eta, ñabardurak ñabardura, ezaugarri beretsukoak dira. Interesatuek udaletxean topatuko dute informazio osoa.