2. Iñurri Eguna

"Minbiziaren inguruko tabuak hausteko aukera bat da"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 07:27

Julene Illarramendik ama minbiziaren ondorioz galdu zuen eta Amaia Ullatek minbizia izan zuen. Iaz lehenengo aldiz antolatu zuten Iñurri Eguna, eta izan zuen arrakasta ikusita aurten ere berriro antolatzea erabaki dute, larunbatean, irailaren 13an. Egun hori txatean hitz egindakoei aurpegia jartzeko balio dutela azaldu dute. Horrez gain, Iñurriren nondik norakoak zein diren zehaztu dute eta izaten ari diren gorakada nabarmendu dute.

Zertan laguntzen du Iñurrik?
Julene Illarramendi (J.I.): Iñurri sortu zen minbiziaren perspektiba aldatzeko, ikuspegi feministagoa eta eraldatzaileagoa sustatzeko, minbiziaren ikuspegia aldatzeko. Elkarte txiki bat da, beharren arabera jokatzen duguna. Guretzat garrantzitsuena zaintza rol hori garatzea da eta tribu bat sortzea, minbizia duzunean osasun sistema publikoan baduzu zer eman eta zer jaso. Baina beste alor asko kolokan daude: nutrizioa, fisioa, sexualitatea… Eta Iñurri saiatzen da hori guztia lantzen.
Amaia Ullate (A.U.): Iñurrik ahal duen guztian laguntzen du, gure onurarako delako eta atzetik etorriko direnentzako ere bai. Diagnostikoa jasotzen duzunean ileordeak eta turbanteak non erosteko zerrenda luze bat ematen digute. Baina ikusten dugu gabezia bat dagoela nutrizioan, fisioan, albo ondorioentzako kremetan… Iñurri horretan guztian laguntzen digun sare bat da. Gure artean hitz egiterakoan maila berdinean hitz egiten dugu eta familia txiki bat bezala da.

Zenbat kide zarete? Edo zenbat pertsonari laguntzen diozue?
J.I.: Asko. Egia da txiki esaten dugula, baina ez gara txikiak. Ez dakit esaten. Oraintxe whatsapp talde bat dugu eta 300 pertsona inguru gaude. Iñurri minbizia duen pertsona horretan zentratzen saiatzen da, baina baita pertsona horren ingurua zaintzen ere.
A.U.: Iñurriak ditugu Galizian, Katalunian, Madrilen… Whatsapp taldeko kideak minbiziaren prozesuan egon garenok eta daudenak gaude. Gero, bazkideak baditugu minbiziaren prozesuan egon ez direnak baina gertuko kasuren bat izan dutenak. Ematen diren laguntzak ez dira soilik minbizia sufritzen dutenentzat, ingurukoei ere zaintza eta babes hori eskaintzen zaie.

Irailaren 13an bigarren Iñurri eguna ospatuko duzue. Zergatik hasi zineten Iñurri eguna antolatzen?
J.I.: Hasteko, gune bat nahi genuelako denak elkartzeko. Asko gara eta jendeak eskertzen digu gure lana eta dena uztartzeko modu bat da. Iñurrin ere oso zaleak gara edozerekin festak egiten. Iñurri Eguna bada modu bat minbiziaz hitz egiteaz gain, festa egiteko. Gainera, gaixoaren iruditegia aldatu nahi dugu. Dirudi gaixo dagoena ohean dagoela, ezin duela etxetik atera, ezin duela beste ezer egin, ezin duela garagardo bat edan…Horri ere buelta bat emateko egiten dugu.
A.U.: Azken finean, gure leloa “Hil arte bizi” da, eta bizitza honetan denoi, batzuei gehiago beste batzuei gutxiago, festa gustatzen zaigu, eta denok elkartzea horrelako egun batean ikaragarria da. Askotan, txatean jendearekin hitz egiten duzu, eta agian ez zara aurrez aurre ezagutzen, baina egun horrek aurpegiak jartzeko aukera ematen dizu, besarkada bat emateko… Eta dauden tabu horiek puskatzeko aukera bat da.

Aurreko urteko egitarauarekin alderatuz, aldaketa handiak daude aurtengoan?
J.I.: Berez, lehengo urtean bakarrik egin behar genuen Iñurri Eguna, baina jendeari asko gustatu zitzaionez eta espero ez genuen harrera izan genuenez, berdina egin dugu berdina egin gabe. Ikastaroak desberdinak dira eta mahainguruan iñurriek haien esperientzia pertsonalaz hitz egingo dute, eta oso potentea izango denez, jendea gonbidatzen dut bertaratzera. Iaz, bakarrizketa bat egon zen eta aurten, bertso saio bat egitea erabaki dugu, oso garrantzitsuak direlako guretzat bertso saioak, eta gainera, iñurriek ere gaiak jartzen dituztelako. Eta gero kontzertuak, aisialdi moduan. Iñurri Eguna ere omenaldi txiki bat izango da aurreko urtean zeuden iñurri batzuk aurten ez daudelako, eta horregatik berezia izango da guretzat. Ez dugu penatik edo biktimismo horretatik jokatu nahi. Ikerketa sustatu behar da bizitza gehiagorako.

Uste duzue nahikoa inbertitzen dela ikerketan?
J.I.: Ez. Ez nago oso jarrita gaian, baina ez dakit zergatik ez den inbertitzen gehiago. Iñurri hor dabil diru bilketak egiten ikerketarako, baina hori guztia ez dugu guk egin behar.
A.U.: Ikerketarako dirua falta da. Ikertzaileek dirua eskatu ahal izateko burokrazia asko egin behar dute, eta burokrazia hori egiten ari den bitartean, minbizia ez da gelditzen.

Nola egin behar du jendeak egitarauan proposatu dituzuen ekintzetan izena emateko?
A.U.: Gure web orrialdean hainbat eskaintza daude: ikastaroetan bakarrik izen emateko; bazkaria gehi bertso saioa, kontzertuak… Aipatu behar dugu bazkarian menu beganoa ere egongo dela.

Noiztik duzue lokala Usurbilen?
J.I.: Maiatzean egin genuen inaugurazioa. Hainbeste hazi denez, leku bat behar genuen forma emateko Iñurri elkarteari.
A.U.: Taldea hor genuen, baina airean zegoen dena. Espazio fisiko bat edukitzeak beste itxura bat ematen dio gure elkarteari. Nik beti esaten dut diagnostikoa jasotzean, bakoitzaren erreakzioa desberdina izaten dela. Elkarte batera sartzea batzuei kosta egiten zaie. Orduan , ez badaukazu espazio fisiko bat, zeini deituko diot? Diagnostikoa jaso duen batek lokal aurretik pasatzen den bakoitzean aurretik begiratuko du, baina egun batean barrura sartzeko pausua emango du.

Eta zein izango da lokalaren funtzioa?
J.I.: Ez da denda bat, biltegi bat baizik (kamiseta guztiak hemen gordetzen baititugu), bilerak egiteko espazio bat, terapiak egitekoa, hitzaldiak… Elkartea asko handitzen ari denez, eta denborarik ez dugunez, pixkanaka ari gara espazio honi forma ematen. Aurrera begira adibidez, hilabetero hitzaldi bat antolatu nahiko genuke.
A.U.: Orain adibidez, terapia pilo bat aurreikusita ditugu, eta akonpainamendua egiteko gune bat ere bada. Prozesua bukatu duen jendeak ileordeak dohaintzan ematen ditu eta baten batek behar baditu, hemen daude. Informazio gunea dela esan genezake.

Eta zergatik ezarri duzue elkarteko egoitza Usurbilen, eta ez beste nonbait?
J.I.: Ba egia esateko, Usurbilgo udalak erraztasunak ematen dizkigulako.

Eta herritarrek nola hartu dute zuek hemen egotea. Zer nolako harrera egin zaizue?
A.U.: Oso ondo. Horrelako elkarteak beti hiriburuetan egon ohi izan dira, eta elkarte handiagoak dira. Hemen daukazu elkarte bat laguntza emango dizuna, baina beste goxotasun batean. Herritarrentzat sostengu txiki bat dela uste dut, aukera bat.
J.I.: Herri txiki batek lasaitasun hori ematen dizu. Hala ere, hemen dugu lokala estatikoan, baina Bizkaian lan asko egiten dugu, eta edozein tokitara mugitu gaitezke beharra baldin badu norbaitek.

Erlazionatuak

2. Iñurri Egunaren atarian

Noaua Aldizkaria ira 09 Usurbil