Usurbil bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuan dugu ostiral honetatik, irailaren 12tik. Hala jakinarazi du gaur goizetik berri ematen ari garen moduan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Modu horretan, martxoa amaieran Usurbilgo Udalak eginiko eskaerari baiezkoa eman dio Jaurlaritzak. Erabakia jakinarazi eta ordu gutxira, goizeko 10:30etan batu dira Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko sailburu Denis Itxaso Astigarragako Erribera Kulturgunean, bertako alkate Xabier Urdangarinekin batera. Izan ere, Usurbilekin batera, gaur bertan Astigarraga ere tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu izendatu du Jaurlaritzak.
Bi alkateek eta sailburuak agerraldia egin dute. Albiste honi atxikitako argazkia hain zuzen, agerraldi haren amaieran hiru ordezkari politikook ateratakoa duzue.
Datozen orduotan emango dizuegu haiek esandakoen berri. Halere, aurrerapen moduan, esan, Itxasok berak ekitaldi horretan jakinarazi duen moduan, Usurbil jada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eremu tentsionatuen zerrendan dagoela gaurtik, eremutentsionatua.euskadi.eus atarian ikus dezakezuen moduan. Zerrenda hori eguneratu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Bertan dira baita, Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuak, Donostia eta Bilbo hurrenez hurren, lehen aipaturiko Astigarraga, Beterri-Buruntza eskualde honetan kokaturiko eta Usurbilen mugakide den Lasarte-Oria, Errenteria, Zumaia, Irun, Barakaldo edota Galdakao.
Halere, Estatuko Aldizkari Ofizialak urrian zehar eremu tentsionatuko udalerrien zerrenda eguneratua argitaratzean indarrean sartuko da gaur Jaurlaritzak plazaraturiko izendapena. Ordurako zehaztua egotea espero dute (iraila amaierarako aurreikusia dute) prest izatea Gipuzkoako Erreferentzia Prezioen Indizea, alokairuko etxebizitzen merkatua erregulatzen lagunduko duena.
Hiru urteko iraupena izango du eremu tentsionatuaren izendapenak. Tarte horretan, "alokairuaren merkatua erregulatzeko mekanismoak" aktibatuko dira. Ondorioz, "kontratu berrien prezioa mugatu egingo da, aurreko kontratuarena baino handiagoa izan ez dadin, eta, azken bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, erreferentzia-indizea aplikatuko da", iraila amaieran plazaratzea aurreikusia dutena.
%19,9ko garestitzea alokairuan
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailetik berri eman dutenez, "Usurbilgo udalerria eremu tentsionatu izendatu da, batez ere azken 5 urteetan alokairuaren batez besteko prezioa % 19,9 igo delako, % 17 gaindituz (KPI + 3 portzentaje-puntu), hori baita legeak kalifikazio hori lortzeko proposatzen duena".
Datuokin, "herriak gero eta etxebizitza eskuragarri eta babestu gehiago eskatzen ditu". Bide horretan, Usurbilek landutako "Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak anbizio handiko etorkizuna ezarri du: 715 etxebizitza berri 2028ra arte, eta horietatik % 62 (443) babestuak izango dira. Apustu horrek indartu egiten du udalerriak egoitza-eredu inklusibo batekin duen konpromisoa, tokiko biztanleek etxebizitza arrazoizko prezioetan eskuratzea bermatuz".
Jaurlaritzaren arabera, "neurri horiek etxebizitzaren merkatua orekatzea, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea eta maizterrak babestea dute helburu, eta, aldi berean, pizgarriak eskaintzen zaizkie jabeei epe luzeko alokairua sustatzeko eta arrazoizko prezioetan".
Ekintza plana
Usurbilgo Udalak ezinbestekoa zuen, udalerri hau eremu tentsionatu izendatzea eskatzeko diagnosi bat eta hiru urterako ekintza plana aurkeztea. Aipatu eremutentsionatua.euskadi.eus atarian duzue dokumentazio hori eskuragarri. Bertan gai horri buruzko informazio gehiago ere jaso dezakezue baita eremu tentsionatuak duen hedadura kontsultatu ere.