Usurbil, eremu tentsionatuan

"Emergentziazko egoera bizi dugu eta egoerari aurre egiteko udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausartak behar ditugu"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 12a, 12:12

Bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu du gaur Usurbil Eusko Jaurlaritzak. Martxoa amaieran Udalak eginiko eskaera onartu dute beraz. Bi erakundeotako ordezkaritza bildu da gaur eremu tentsionatuan txertatu duten Astigarragan, bertako alkatearekin batera. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak adierazitakoa albiste honi atxikitako bideoan duzue.

Albiste ezinhobetzat jo du Usurbilgo alkateak tentsio handiko eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzak gaur ezagutarazitako albistea. Agurtzane Solaberrietak nabarmendu duenez, “emergentziazko egoera bizi dugu eta egoerari aurre egiteko udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausartak behar ditugu. Izan ere, merkatuak ezin du erabaki nor bizi daitekeen Usurbilen eta nor ez”. Merkatuan esku hartzea beharrezkotzat jo du. “Horretarako, ezinbestekoa da udalekin benetako lankidetzak eraikitzea”, adierazi du Solaberrietak.

Gaurko izendapena urrian indarrean sartzea espero da, Estatuko Aldizkari Ofizialak erabaki hau argitaratu ostean. Ordurako ere prest izatea espero da etxebizitzen prezioen muga ezarriko duen indizea, hilabete amaierarako hain zuzen. Gaurko agerraldian Usurbilgo alkateak nabarmendu duenez, horrek gaur Eusko Jaurlaritzak onarturiko izendapena “hasieratik eraginkorra” izatea ekarriko du.

Bi lan dokumentu "oso garrantzitsu"
Honaino heltzeko, Udalak egin behar izan duen ahalegina nabarmendu du Usurbilgo alkateak. “Beste udal guztietan bezalaxe ahalegin eta lan handia egin behar izan dugu izendapen hau lortzeko”, adierazi du. Ildo horretan, izendapena eskuratzeko egin beharreko “etxeko lan” horietarako “ditugun baliabideak urriak dira”, gogorarazi du, eta, ondorioz, “kanpo kontratazio bidez bideratzea ezinbestekoa izan zaigu”.

Gaurko izendapena eskuratu ahal izateko ezinbestekoa zuten egindako lanketa bide horren hainbat zertzelada eskaini ditu Solaberrietak. Usurbilgo etxegintzari buruzko diagnosia osatu dute, baita 2026-28 urte arterako ekintza plana ere. “Lana handia izan bada ere, bi lan dokumentu oso garrantzitsu ditugu eskuartean hurrengo urteetarako”, alkatearen esanetan. Prozesu honek “etxebizitza politika oso eta integrala diseinatzeko aukera eman digu”.

"Kontrolik gabeko gorakada"
Diagnosiari dagokionean, “2018-23 aldian prezioek nabarmen egin dute gora, %36 hain zuzen, KPIak izandako gorakada baino 20 puntu gehiago. Prezioez ari garela ere, alokairuaren prezioak Donostialdeko udalerri gehienetan baino azkarrago igo da gure herrian. Esan dezakegu, beraz, kontrolik gabeko gorakada bat izan dela”. Igoera horretan, zerikusi zuzena du, “Donostiako salerosketa prezio altuek”. Izan ere, “presio egiten diote Usurbilgo merkatuari, tentsionamendua eraginez”.

Donostian bizi duten egoeraren eraginez, hain zuzen, etxebizitza ezin erosi eta ezin alokatu dabiltzan asko dira Usurbila bizitzera datozenak. Udalak landutako diagnosiaren arabera, “gehienek dituzte gure herritarrek baino errenta maila altuagoak. Etxebiden, gaur egun, izena emanda dutenen artean, Usurbilen bizi nahiko dutela adierazi dutenak gehiago dira Usurbildik kanpokoak bertakoak baino. Alegia, erroldatu gabekoen diru-sarrerak handiagoak dira erroldatuenak baino. Beste udalerri batzuetatik datozen pertsonek ahalegin txikiagoa egin behar dute Usurbilen bizi direnek baino”.

Prezioen gorakada ere zenbatekoa izan den zehaztu du alkateak. Usurbilek gaur eskuratutako izendapena izateko alokairu prezioen azken urteotako gorakadak %17tik gorakoa izan behar zuen herri honetan. Usurbilen %19,90 handiagotu da 2017-22 urte artean, “gehien hazi den udalerrien zerrendan dago gure herria”. Baldintza hori beteta, aski zuen Usurbilek tentsio handiko eremu izateko. Baina bazen bigarren baldintza bat ere, aurrekoa betetzen ez bazuen, honako hau bai bete beharko zuena. “Diru-sarreren %28 inguru bideratzen dute usurbildarrek etxebizitza gastuetara. Bigarren baldintza hau ez dugu bete, baina gutxigatik”. Izan ere, %30ean finkatua dago muga hori.

Diagnositik Solaberrietak nabarmenduriko datu gehiago; alokairu prezioen garestitzearekin batera, eskaintza desagertu da; "une honetan, ez dago etxebizitza alokairuan hartzeko aukerarik, ez dagoelako eskaintzarik”.

Usurbilek %31,8ko emantzipazio tasa du, EAEkoaren azpitik da, eta nabarmen murriztu da urteotan “2011n %44koa zelako”. Horrez gain, 256 etxe huts ditu Usurbilek, herriko bizilekuen %9a da hori. 2011tik nabarmen murriztu da, orduko hartan %14a baitziren hutsik ziren etxeak. “Horietatik gehientsuenei aplikatzen diegu ondasun higiezinen zergari errekargua. Gaur egun, errekargu hori %150ekoa da”.

“Etxebizitza plana zaintzaren zeharlerrotasunetik diseinatu dugu"
Aipatu moduan, etxebizitzaren egoerari buruzko azterlanaz gain, datozen hiru urteotarako ekintza plana osatu behar izan du Udalak gaurko izendapen hau jaso ahal izateko. “Lau ardatzen bueltan egituratu dugu”, azaldu du alkateak.

Batetik, “etxebizitza eskuragarri bihurtzeko neurri andanak proposatzen dira; bigarren ardatzean, gaur egun, jada eraikita dagoen parkean hainbat eskuhartze eta jarduketa planteatzen dira; hirugarren ardatzean, batez ere, alokairura zuzendutako prestazio, dirulaguntza eta programez dihardugu; eta laugarren ardatzean, nagusiki eta beharrezkoa dena, erakunde arteko lankidetzaz eta herritarrei informazioa emateaz, plan hau aurrera eramateko gobernantza ereduaz” dihardute.

Ardatz horien bueltan hamaika neurri jaso ditu Udalak. Haietatik bi nabarmendu nahi izan ditu Usurbilgo alkateak Astigarragako agerraldian. Batetik, “etxebizitza plana zaintzaren zeharlerrotasunetik eraiki eta diseinatu dugula. Urteak daramatzagu Usurbil herri zaintzailea izateko norabidean eta norabide horretan, ezinbestekoa da etxebizitza planak ikuspegi eta begirada horretatik egitea”.

Izan ere, gizartea zahartzen ari da, “dependentzia indizeak handitzen doaz” alkateak gogorarazi duenez, eta geroz eta gehiago dira bakarrik bizi direnak, “kasu askotan bakardade ez hautatuan”. Honenbestez, etxebizitza politikek gazteei zuzendutako beharrak jaso behar dituzten bezalaxe, “kolektibo horri begirako neurriak ere jaso behar ditu”. Bestela esanda, “zaintzak uztartzea ahalbidetuko duen etxebizitza parkea ere eraikitzen joan behar dugu”, defendatu du Solaberrietak, “helburua baita, zaintza behar dutenek euren bizi proiektuekin jarraitu ahal izatea, euren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatea eta euren etxeetan ezin bada, haien etxeetan bezalako ekipamenduetan bizitzen jarraitzea”.

Eredu horri erantzuten dioten Usurbilgo proiektuak ekarri ditu gogora; Txirikorda belaunaldiarteko hamasei etxebizitza komunitarioak, Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak edota bertan martxan jartzear dituzten bizi osorako sei etxebizitzak. “Kolektibo horri zuzendutako neurriak eta proiektuak abiatzeaz gainera, iruditzen zaigu kolektibo zaurgarriak ere erdigunean jarri behar dituela eta gure kasuan, Usurbilen, hiru etxebizitza berri martxan jarri ditugu, gizarte bazterketako egoera kritikoei erantzun ahal izateko”.

%62a etxebizitza babestuak
Hiru urteotarako etxebizitza plangintza “Usurbilgo HAPOa indarrean sartzearekin batera sartuko da indarrean eta gure ustez, horrek ere askoz ere eraginkorragoa egingo du etxebizitza planaren gauzapena”. Udal aurreikuspenen arabera, 2026. urte hasieran espero dute Foru Aldundiak HAPO-a behin betiko onartzea.

Plan horren arabera, “hurrengo 15 urterako 715 etxebizitza berri antolatzen ditu eta horietatik %62 etxebizitza babestuak dira, sozialak 340 eta tasatuak 102. Datu horrek erakusten du etxebizitza babestuen aldeko apustu argia egin dugula plan orokor berrian”. Horrez gain, “gure planak badu jarduketa programa bat” lau urteka antolatu dutena. Lehen lau urteetan, “310 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen du planak eta hortik, erdia, babestutako etxebizitzak lirateke”.

Plan horren garapenerako ezinbestekotzat jo du alkateak “Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzea eta dagoeneko, duela gutxi, Etxebizitza Sailarekin bilera egin genuen Usurbilgo Udaleko arduradunok eta bi eremuen garapenerako lankidetza hitzarmena sinatzea proposatu diogu”.

Bi eremu horiek Pikaola eta Agerrazpi lirateke. “Izan ere, Pikaolan, Usurbilgo Udalak eremu horren jabetzaren erdia baino gehiago du eta, beraz, hor badugu aukera 30 etxebizitza sozial eraikitzeko eta beste eremu batean, Agerrazpin 30-35 zuzkidura etxebizitza eraikitzeko aukera dugu. Horiek ere Jaurlaritzarekin lankidetzan egin nahiko genituzke”.