Usurbil, eremu tentsionatuan

"Alokairuaren merkatuan esku hartzeko neurriek zentzua dute udalerri multzoari aplikatzen zaizkionean"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 12a, 11:32

Usurbil eta Astigarraga bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Bertako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko sailburu Denis Itxasok aipatu bi udalerrietako alkateekin batera, Astigarragan eginiko agerraldian, Donostialdea eta Txingudi inguru osoa tentsionatutako eremu izendatzeak duen garrantzia nabarmendu du.

Gaurko ekitaldia zergatik egin duten Astigarragan eta zergatik bertako nahiz Usurbilgo Udalekin batera, horixe azaldu du beste ezer baino lehen, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko sailburu Denis Itxasok. Izan ere, bere esanetan, “bi udalerriek badute zerbait amankomunean. Donostiako metropoli-ingurunean daude, eta herritarrek gero eta zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza eskuratzeko, alokairuaren prezioen igoeragatik eta Gipuzkoako hiriburuak egiten duen presioagatik”. Sailburuarentzat, bistan denez, “hiriburuak sortzen duen tentsioak argi eta garbi kaltetzen ditu. Ezaugarri hori dute biek, eta horregatik ematen dugu pauso hau elkarrekin, Hernanin bezala, Donostiak erakarrita etxebizitzarengan dituen eraginak antzematen ari direlako”.

Ez soilik Astigarragari eta Usurbili, baita, Itxasok gogorarazi duenez, Donostialdea osaoari nahiz Oarsoaldeari ere eragiten dio arazo horrek. “Horrek esan nahi du, mugaz gaindiko eta udalerriek dituzten eskumenetatik haratago, hainbat erabaki hartu behar ditugula eta, horien artean, seguraski eraginkorrena tentsiopeko eremu izendatzea da”.

Eremu mailako izendapena
Baina izendapenok ez ditu modu isolatuan egin behar direnik uste, bere esanetan, hori ez bailitzateke aski izango, “ez bada eremu metropolitano guztia izendatzen dugula”. Horregatik, garrantzitsutzat jo du sailburuak “Donostialdea eta Txingudiko metropoli-ingurune osoa tentsionatutako eremu izendatzea, tentsionamendua partekatua delako eta alokairuaren merkatuan esku hartzeko neurriek zentzua dutelako multzoari aplikatzen zaizkionean”.

Ildo horretan, gehienak dira aipatu eskualdeotan eremu tentsionatu horren baitan dauden udalerriak, Oiartzun eta Urnieta izan ezik.

Prezio mugatzea
Usurbilek eta Astigarragak gaur jasotako izendapena urriko Estatuko Aldizkari Ofizialak onartu eta indarrean jarriko du. Ordurako zehaztua egotea espero dute (iraila amaierarako aurreikusia dute) prest izatea Gipuzkoako Erreferentzia Prezioen Indizea, alokairuko etxebizitzen merkatua erregulatzen lagunduko duena.

Hiru urteko iraupena izango du eremu tentsionatuaren izendapenak. Tarte horretan, "alokairuaren merkatua erregulatzeko mekanismoak" aktibatuko dira. Ondorioz, "kontratu berrien prezioa mugatu egingo da, aurreko kontratuarena baino handiagoa izan ez dadin, eta, azken bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, erreferentzia-indizea aplikatuko da", iraila amaieran plazaratzea aurreikusia dutena hain zuzen.

Indize horren garrantzia nabarmendu du Itxasok. “Donostialdeko eskualde osoa figura horren pean babestea” ahalbidetuko du. Horrez gain, “etxegabetzeen aurrean babestea indartzen da, eta kontratuen ezohiko luzapenak aktibatzen dira maizterrak zaurgarritasun-egoeran daudenean”.

Bizitegi erabilera lehentasun
Neurri gehiago ere hartzeko baliagarria izango da. “Udalek OHZn errekarguak aplikatuko dizkiete hutsik dauden etxebizitzei, eta berariazko kanon bat ezartzeko prestatzen ari dira, arrazoirik gabe hutsik dauden higiezinak zigortzeko. Halaber, eraiki gabeko orubeetan hirigintza-zehapenak eta desjabetzeak aurreikusten dira, bai eta pisu turistikoak mugatzea ere, etxebizitzen bizitegi-erabilera bermatzeko. Helburua da espekulazioa saihestea, eta etxebizitza-parkeak funtzio soziala betetzen duela ziurtatzea”.

Ildo horretan, “Astigarragan, Bizigune eta ASAP programen bidez, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea sustatzen du planak; Usurbilen, bestalde, gaur egun 14 etxebizitza daude Bizigunen, eta bat ASAPen, eta kopuru horiek handitu egin nahi dira. Bi udalerri horiek, gainera, jabeei zuzendutako informazio-kanpainak eta hutsik dauden etxebizitzen kanona pixkanaka aplikatzea aurreikusten dute”.

Etxebizitza-eskaintza handitu behar dugu”
Sailburuak gaineratu duenez, Gaztelagun programaren bidez, “36 urtetik beherako gazteei hilean 300 euro arteko laguntzak ematen zaizkie, eta errenta-mugak udalerri bakoitzeko prezioetara egokitzen dira. Programa horren osagarri dira Emantzipa eta udalen dirulaguntza zuzenak, hala nola, Usurbilek 900 euro arteko errenta duten adin guztietako familiei ematen dizkienak; 2024an zazpi familia lagundu zituzten. 2021etik, Usurbilek 30.000 euro baino gehiago bideratu ditu emantzipaziorako dirulaguntzetara”.

Etxebizitza izateko eskubide subjektiboari lotuta, “Astigarragan, 2023an zehar zortzi espediente kudeatu ziren: lau etxebizitza esleipenarekin ebatzi ziren, eta beste hainbeste prestazio ekonomikoarekin. Usurbilen, eskubide hori esleipenen, Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoaren eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren bidez egituratzen da. Aldi berean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzek 2024an zortzi familiari lagundu diete alokairua ordaintzen, eta biri hipoteka ordaintzen”.

Aurrera begira, argi du Itxasok; “etxebizitza-eskaintza handitu behar dugu, lurzorua martxan jarri eta dentsitatea areagotu. Ez zaio beldurrik izan behar dentsitateari, hori baita eskualdean lurzorua bezalako ondasun urria aprobetxatzeko modua. Horrekin batera, udalerriei proposatzen die eraikitako hirian jardun dezaten, etxabeetan nahiz hegaletan: erabiltzen ez diren lokalak aprobetxatzea, etxebizitza bihurtzeko, eta lehendik dauden etxebizitza babestuko eraikinetan solairu berriak eraikitzeko. Legeari eta Premiazko Neurrien Dekretuari esker, hori egin ahal izango dugu, eta gutxiegi erabiltzen diren espazioak etxe bihurtzen lagunduko dugu”, azaldu du Itxasok.

Bi udalerriotako, Astigarragako eta Usurbilgo udaletan landutako ekintza-planen harira udalon eta Jaurlaritzaren arteko jarraipen-batzordea osatzea aurreikusia dute. Bilgune horretan, “urtero ebaluatuko dituzte aurrerapenak eta tentsio-adierazleak berrikusiko dituzte”.