Udalerriaren azken urteotako handitzeak izandako eragina aipatu du hasteko, Astigarragako alkateak hitza hartu duenean. Gaurko ekitaldia hain zuzen, bertako Erribera kulturgunean egin dute, azken urteotan eraiki den auzo berri eta handian. Etxe asko eraiki izanaren eragina zehaztu du. “3.500 biztanle izatetik ia 8.000 izatera igaro” dira. Baina “hainbeste etxe eginda konpondu al da Astigarragako etxebizitza arazoa? Ba ez”, argi erantzun du Xabier Urdangarinek. Ez da baliogarria izan etxebizitzak “prezio eskuragarri eta zentzudun” batean eskuratzeko, bereziki Donostiak eragindako presioagatik. Gai honek “arazo benetan larria” eragin duela adierazi du gaurko agerraldian.
Horregatik, etorkizunean etxebizitza gehiago eraikitzeko asmoen aurrean, bere ustez, “oso kontuan hartu behar da, merkatuan esku hartu behar dela, ezin zaiola merkatuari utzi, nahiz eta etxebizitza asko eraiki, prezioak nahi dituen lekura eramaten. Guri gertatu zaigulako, etxebizitza asko eraiki bai, baina ondoan ez badira egiten jendea mugitu egiten da eta, beraz, beste leku bateko presioa zuri datorkizu, hori da guri gertatu ziaguna. Bidenabar, etorri den jendearekin oso pozik gaude”.
Horrekin batera, ekipamenduak txiki geratu zaizkie; “anbulategia, kiroldegia, haur eskola txiki geratu da, instituturik ez dugu”. Horregatik, zioenez, “etxegintza proiektu handiak egingo badira, ezinbestekoa da ekipamendu publikoen plangintza egoki bat egitea. Bestela, bizi-kalitaterik ematen ez dizun herri bat sortzen ari zara”.
%125 hazi da
Eremu tentsionatuan sartzeko Astigarragako Udalak landu behar izan duen diagnosiko datuak jarri ditu adibidetzat. 3.400 etxebizitza ditu Astigarragak, azken bi hamarkada hauetan %125 hazi da. Biztanleen %92a herri erdigunean bizi da. Etxe hutsak %6 dira, 196 guztira. Geroz eta jende gutxiago bizi da etxebizitzetan, ia %25ean, 825 bizilekuetan pertsona bakarra. Horrekin batera, “inbertsiorako erabiltzen da etxebizitza asko”. Bi faktore horiek tarteko, “etxebizitza behar premia ikaragarria dugu”, ziurtatu du Astigarragako alkateak.
Azaldu duenez, “Etxebide erregistroan 1.000 eskaeratik gora daude Astigarragan, jakina, gehienak kanpokoak dira. Beraz, oraindik ere ari gara jasaten kanpoko presio hori. Horrek dakar prezioak igotzea eta askotan bertakoek kanpora joan behar izatea”.
Zenbakitan azaldu du. “Astigarragako bataz besteko alokairuaren prezioa 878 eurokoa izan zen 2023an. Gaur egun asko dira 1.200-1.300 eurotik gorako alokairuak etxe arruntetan”.
Lurzoru falta
Egoera hau iraultzen laguntzeko, Usurbilgoak egin bezalaxe, datozen hiru urteotarako ekintza plana diseinatu du Astigarragako Udalak, 29 neurrikoa. “503 etxebizitza egiteko aurreikuspena dugu: %22 babes ofizialekoak, %13 tasatuak, %10 alokairu sozialerako eta %55 salmenta librekoak”, Astigarragako alkateak zehaztu duenez. Dimentsio eta modalitate ezberdinetako etxebizitzak planteatu dituzte, bakarrik bizi direnak geroz eta gehiago direla aintzakotzat hartuta, “zuzkidura bereziko etxebizitzak ere bai, kolektibo berezientzat, baserriak birgaitzeko arautegi bat lantzen ari gara, baserrietan etxebizitzak egin ahal izateko”. Gazteei begira, “dirulaguntza deialdi berezi bat jarri genuen martxan duela bi urte, hori indartzen ari gara eta, bestetik, etxe hutsen kanona aplikatzeko asmoa dugu, plan honen barruan”.
Baina oztopo handi bat dute, eraikigarria den lurzoru falta, “azken urteotan asko eraiki delako”. Ondorioz, “lurrik ez izateak arazo asko sortzen dizkizu, lur hori eskuratzeak diru-inbertsio handia eskatzen dizulako”.
“Udalok neurri eraginkorrak behar ditugu eta finantzaketa”
Horrez gain, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berrikusten ari dira baita. Urtea amaitu baino lehen, hasieraz onartu asmo dute.
Lurzoru publikoan kokaturiko babes ofizialeko etxebizitzak erosteari ere ekin asmo diote alokairu sozialera bideratzeko, erakundeek baitute esku aldaketetan, horretarako lehentasuna. Baina ez da erraza. “Halako etxe bat erosteko hilabete duzu erantzuteko, udal aurrekontuko partida izan behar duzu. Beraz, uste dugu, ildo hau landu beharrekoa dela. Hor, Jaurlaritzari gure lankidetza eskaintzen diogu eta bide hori urratzeko proposamena”.
Horrekin batera, ausardia eskatu die Urdangarinek “Jaurlaritzari eta goragoko erakundeei lege neurri zorrotzagoak hartzeko” eta hala, “merkatuen arauetatik kanpo etxebizitzak prezio eskuragarri zentzudunetan eskaini ahal izatea erosteko edo alokatzeko. Udalok neurri eraginkorrak behar ditugu eta finantzaketa, gure kasuan lurzorua eskuratzeko finantzaketa laguntza behar dugu”, baita “babes ofizialeko etxebizitzok aukera dagoenean alokairu sozialen ildora sartzeko”.
Ziurtatu duenez, “udalen aldetik lankidetzarako asmo eta gogo osoa” dagoela aipatu du “herritarrei etxebizitzen eskubidea bermatu ahal izateko”. Ahalegin osoz, “plan zehatz eta ausartak egin ditugula iruditzen zait”.