Usurbilgo Ernai gazte antolakundetik aipatu Gipuzkoako hiriburuko mobilizaziora joateko deia egina zieten gazteei, igande honetan, hilaren 14an. Elkarrekin trenez Donostiara joan eta manifestazioan parte hartu aurretik, talde argazkia atera dute bertako udaletxe atarian, Alderdi Ederren.
Juan Paredes "Txiki" eta Angel Otaegi fusilatu zituztenetik mende erdia bete den honetan deitu dute manifestazioa. Helburu bikoitza zuen hitzorduak; "50 urte hauetan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duten belaunaldiei aitortza egin eta egungo gazte belaunaldiak Euskal Herria askatasunera eramateko indarrak batu eta bultza" egitea.
Azken hitz horiek hain zuzen, aipatu mobilizazio nazionaleko aldarri bilakatu dituzte. Udan zehar, urtemuga horri lotuta bideraturiko dinamika borobildu du Ernaik gaur Donostian.
Aurretik, lanketa bideratu du gazte antolakundeak Usurbilen. Usurbilgo jaietako Gazte Eguneko bazkalostean talde irudia ateratzearekin batera, hitza hartu zuten Ernaiko ordezkariek dinamika azaltzeko, "ikusten dugulako memoriaren transmisio bat egin behar dela eta herriko gazteei "Txiki" eta Otaegiren 50. urtemuga izanik, historia osoa kontatu behar zitzaiela". Hilabete amaiera hartan ospaturiko Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan ere Usurbildik joandako 50 gazteek aipatu dinamikako kamisetekin talde argazki atera zuten, igande honetako hitzordurako parte hartzea sustatzeko.
Askatasunerantz
Usurbilgo Ernaik gogora ekarri dutenez, "Txiki" eta Otaegi bi gazte independentista izateagatik fusilatu zituzten duela 50 urte. Belaunaldi hark Euskal Herriaren askatasunarekiko konpromisoa hartua zuen, baina "garai hartan hasi zen trantsizioak Euskal Herria kateatu zuen, nazio aitortza eta erabakitze eskubidea ukatu zitzaion gure herriari". Franco hil arren, "espainiar estatuak frankismoarekiko inolako hausturarik ez zion suposatu eta honek bai ekartzen du Euskal Herriaren ukazioa iraunaraztea gaur egun arte eta honek ere ekarri zuen euskal herritarron ahotsa isilarazteko saiakera bat". Ordutik segi izan du Euskal Herriaren askapen prozesuak, Ernaik nabarmendu duenez.
Egun, gazte antolakundearen esanetan, "azken urteotako borroka" aitortzearekin batera, "bada unea guk ere ardura hartzeko eta askatasunaren aldeko borroka horrekin guk ere jarraitzeko". Izan ere, "krisi orokorra, oldarraldi erreakzionarioa eta gerrak nagusitzen ari diren garaiotan, Euskal Herriaren biziraupena ez dago batere bermatua". Horregatik, "herri hau askatasunera eramateko ezinbestekoa ikusten dugu indarrak batu eta norabide bateratu batean elkarrekin bultzatzea", besteak beste, gaur, irailaren 14an Donostiako manifestazioan egin duten bezalaxe.