2025-26

Euskaraz trebatu eta aritzeko ikastaro eskaintza zabala aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 15a, 17:33

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Euskara ikasi, mailaz hobetu nahiz euskara ahotan hartzeko trebakuntza saio eskaintza zabala aurkeztu dute, Usurbilen alor horretan lanean diharduten eragileek.

Irailarekin batera, ikasturte berria martxan da bizitzako arlo guztietan; tartean, euskalgintzan. Astelehen honetan, irailaren 15ean, ondoko irudian dituzuen eragile eta parte hartzaileek euskara ikasi, maila hobetu nahiz hizkuntza berean aritzeko trebakuntza saioen eskaintza aurkeztu dute; tartean, Etumeta AEK euskaltegiko, Ttakun Kultur Elkarteako eta Usurbilgo Udaleko ordezkariek.

Urritik aurrera jarriko dute martxan, baina aurrez matrikulatu beharko da. Izen-emateko epealdia hain zuzen, zabalik dute.

"Alde batetik, Etumetak euskara ikasteko eskaintza propioa izaten du, eta, gainera, Udalarekin elkarlanean aritzen da Udalak bultzatutako ikastaroak ematen. Beste alde batetik, haur eta nerabeen ezagutza-maila hobetzeko zerbitzua eta helduen ahozko jarduna mintzataldeen bidez hobetzeko zerbitzua eskaintzen du Udalak, Ttakun Kultur Elkartearen laguntzarekin. Ondorioz, adin guztietako herritarrei eskaintzen zaie aurten euskara ikasteko, hobetzeko eta praktikatzeko aukera".

Hemen osatu duten eskaintza xehetasun gehiagorekin:

Etorri berrientzako hastapen ikastaroa
Iraupena: urriaren lehen astetik ekainera, astean 1,5 orduko saioa, guztira 45 ordu.
Tokia: Potxoenea.
Helburua: "Etorri berriak euskararen mundura gerturatzea, oinarrizko esamoldeak ezagut ditzaten".
Izen-ematea, doan: euskara@usurbil.eus / 943 37 19 99.
Oharra: ordutegia irailaren azken astean zehaztuko da (aurreikuspena: astearteetan, 18:15-19:45 artean).

Jubilatuentzako oinarrizko euskara ikastaroa
Iraupena: urriaren lehen astetik ekainera, astean 1,5 orduko saioa, guztira 45 ordu.
Tokia: Artzabal.
Xehetasunak: "ikastaroan, oinarrizko hiztegia, esamoldeak, arauak... eta, oro har, egunerokotasunerako makuluak ikasiko dituzte".
Izen-ematea, doan: euskara@usurbil.eus / 943 37 19 99.
Oharra: ordutegia irailaren azken astean zehaztuko da (aurreikuspena: ostegunetan, 18:00-19:30 artean).

Etumeta AEK euskaltegia
Tokia: Etumeta AEK euskaltegia.
Izena eman edo argibide gehiago jasotzeko (iraila osoan): 607 609 379 / usurbil@aek.eus / Kale Nagusia 43.
Oharra: "Matrikula ordaindu behar bada ere, udalak urtero eskaini ohi ditu euskara ikastaroak egiten dituztenentzako dirulaguntzak: gutxieneko aprobetxamendua eta %80ko asistentzia betez gero, matrikularen kostua osorik jasotzeko aukera dago (600 euroko mugarekin)".

6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek euskara-maila hobetzeko saioak
Nori zuzenduak: behar baino maila apalagoa duten ikasleentzako.
Zehaztasunak: "Eskola orduz kanpoko gainerako jardueren osagarri, jolasa da saioon muina; DBHko ikasle-taldearen kasuan, etxerako lanak ulertzen laguntzeko tartea ere hartzen da. Ordu eta erdiko bina saio antolatzen dira, astero".
Non:
kaxkoan, Aginagan eta Zubietan. Kaxkoan, ikas-mailaren arabera eratuko dira taldeak (HH5-LH2, LH3-LH6 eta DBH1-DBH4); Aginagan eta Zubietan, berriz, HH5-LH6 bitarteko haurrak elkarrekin ariko dira.
Oharra: mailaketa-probak udalerriko ikastetxeek edo egitasmoa kudeatuko duen Ttakun elkarteak egingo dituzte. 
Izen-ematea doan, irailaren 15etik 25era bitartean: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54.

Mintzalagun
Helburua: "Herritar euskaldunei zuzenduriko egitasmoa da, eta helburua da euskaraz hitz egiteko gaitasuna hobetzea. Euskaraz ondo moldatzen diren pertsonak eta hizkuntza-maila hobetu nahi dutenak elkartzean datza. Kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak aintzat hartuta osatzen dira taldeak, eta astean behin elkartzeko konpromisoa hartzen dute (lagun giroan paseatzeko, kirola egiteko, kafe bat hartzeko...)".
Informazioa: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54. Doan.
Oharra: "bi motatako euskaldunek eman dezakete izena: euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak (egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez dutenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak...) eta euskaraz ondo moldatzen direnak (zailtasunak dituzten herrikide euskaldunei lagundu nahi dietenak, lagun berriak egin nahi dituztenak, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak...)".