Pil-pilean den gaia ekarriko digu Zirimarak Usurbilgo Udalekin batera, astebete barru Sutegira. "Eskola kirolean eta, oro har, kirolean izaten diren jarrera desegoki eta lehiakortasun goiztiarraren inguruko hausnarketa bultzatzea" xede izango duen "Norgehiagoka" izeneko erakusketa antolatu dute, irailaren 26tik urriaren 12ra.
Hiru asteburuetan izango duzue ikusgai, ikus-entzunekoez, argazkiez eta testuez hornituriko erakusketa. Irekiera ofiziala, astebete barru izango da, irailaren 26an arratsaldeko 18:00etan. "Haur, nerabe eta herritar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera zein erakusketa bisitatzera, baita herriko kirol talde eta klubak ere".
Ikus-entzunezkoa abiapuntu
Hasiera batean, ikus-entzunezko lan bat izan behar zena dimentsio handiagoa hartu du azkenean, erakusketa bilakatzeraino. "Batetik, Zirimarako hezitzaile, haur eta gurasoek elkarrekin osatutako ikus-entzunezkoa dago; Amaia eta Asier Mendoza anai-arrebek jarri dizkiote hitzak eta ahotsa", antolatzaileen esanetan.
Bestalde, "kirol munduko, hezkuntzako eta kultur eremuko 35 lagun gaiaren inguruan hausnarketan jarri dituzte, eta testu bana idatzi dute, propio, erakusketarako". Deialdian parte hartu dutenen artean dira, eremu ezberdinetan erreferentziazkoak diren pertsonak. Badira usurbildarrak baita Euskal Herrikoak ere. Aurpegi ezagun ugariren idatziak aurkituko dituzue Sutegiko erakusketan. "Kirol mundutik, besteak beste, Patri Espinarrek, Eneritz Maiorak, Xabier Mikel Errekondok edo Iñaki Artolak idatzi dituzte testuak; kultur eremuan, besteak beste, Jose Luis Otamendik, Nerea Loiolak, Amets Arzallusek eta Amaia Agirrek; hezkuntza munduan, besteak beste, Eneko Harreguyk, Uxue Fernandezek, Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’-ek eta Ixabel Agirresarobek".
Liburuxka, eduki osoarekin
Egitasmoak hartutako dimentsioaren erakusle, liburuxka bat osatu dutela. Izan ere, "aretoaren arabera, litekeena da testu guztiak ezin erakustea, eta, beraz, liburuxka batean bildu dituzte guztiak: interesa dutenei denak irakurtzeko aukera eman nahi diete, eta, horregatik osatu dute liburuxka, nork bere kasa patxadaz irakurri eta gaiaz hausnartzeko aukera emateko".
Zenbait argazki ere izango dira Sutegin kokatuko duten erakusketan, "testuen lagungarri. Mikel Laboa plazan Iñaki Zinkunegi argazkilariak egindakoak dira batzuk; besteak, ikus-entzunezko lanetik ateratakoak dira, jolas libretik jolas zuzendurako sortzen den aldea nabarmentzeko".
Herri gehiagotara eramateko aukera
2018an sortu zuten Zirimara udalak, NOAUA! kultur elkarteak eta Udarregi ikastolak. "Oinarri horren erakusgarri da ‘Norgehiagoka’ erakusketa ere", antolatzaileen esanetan.
Usurbilen ikusgai izan ostean, "erakusketa bultzatu duten jarrera desegokiak orokortutako fenomeno bat izanda, erakusketa beste herri batzuen esku uzteko borondatea dute antolatzaileek".
Erakusketaren egutegia
• Irekiera egunak: irailak 26, 27, 28. Urriak 3, 4, 5, 10, 11, 12.
• Ordutegia: Ostiraletan eta larunbatetan: 17:00-20:00 artean. Igandeetan: 12:00-14:00 artean.
• Irekiera ekitaldia: irailaren 26an, 18:00etan.