Kirol arloko dirulaguntzei lotutako ebazpena plazaratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 17a, 11:38

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko 2025eko dirulaguntzen ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak.

Euskarako eta aisialdiko dirulaguntzen ebazpenak kaleratu ostean, kirol arloko beste ebazpen bat kaleratu du Usurbilgo Udalak, asteazken honetako, irailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez; zehazkiago esanda, norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko 2025eko dirulaguntzei lotutakoa.

Dirulaguntza lerro honetara eskabideak aurkezteko bi epealdi finkatu zituen Udalak; lehenengoa, otsailaren 14tik apirilaren 30era arte. Bigarren epealdia indarrean da irailaren 1az geroztik azaroaren 12ra.

Lehenengo epealdiaren barruan eskabide bakarra aurkeztu zen, baina ez onartzea hobetsi du Udalak, "hobaridun izateko baldintzak" betetzen ez dituelako. Erabaki hori behin-behinekoa da, alegazioak aurkezteko hamar eguneko epealdia izango da orain.

Gogoan izan, ordea, aipatu moduan, dirulaguntza lerro honetara eskabideak aurkeztu ahalko dira azaroaren 12ra arte. Hemen dituzue xehetasunak:

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko dirulaguntzak
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (6.000 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak (5.000 euro).
Eskabideak aurkezteko epealdia: azaroak 12.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Eskabideak:
-Presentzialki udaletxeko erregistroan (Joxe Martin Sagardia plaza z/g).
-Telematikoki usurbil.eus atarian.